Barnetegi Ibiltaria Bizikletaz antolatu du AEK-k. 16 etapatan 1.000 kilometro egingo dituzte Euskal Herrian, euskaraz hitz eginez. Abuztuaren 3an Ataunera iritsiko da
Bizikleta lagun, pedalei eraginez, Euskal Herriko txokoak ezagutzeko eta euskara praktikan jartzeko aukera eskaintzen du AEKren udako Barnetegi Ibiltariak. Uztailaren 30etik abuztuaren 13ra bitartean, 16 etapatan 1.000 kilometro eginez, Euskal Herriko kosta aldea eta mendi aldea uztartuko dituzte.
Euskalduntze prozesuan murgilduta daudenek lagun izaten dituzte AEK-ko irakasleak eta euskaraz dakiten hainbat eta hainbat lagun. Parte hartzaile horietako bi dira Ataungo Amaia Auzmendi eta Nekane Munduate. Munduate, irakasle edo antolatzaileetako bat izango da. Biak ala biek, errepikatu egingo dute aurten esperientzia. «Aisiaz gozatzeko eta mintza praktika egiteko aukera ona da Barnetegi Ibiltaria», diote ataundarrek.
Bizikletarenarekin batera, oinezko barnetegia ere egiten du AEK-k. Aurten ibilbidea berritu egin dute bi barnetegietan. Oinezkoaren kasuan, «kostaldeko bidea estreinatu da», dio Munduatek. Bizikletaren barnetegiak, berriz, kosta aldea eta barru aldea uztartuko ditu Zarautz (Gipuzkoa) eta Etxarri Aranatz (Nafarroa) artean: Urdaibako Biosfera Erreserba, Bizkaiko Zubia, Anboto, Matxitxako lurmuturra, San Joan Gaztelugatxekoa, Arabako Lautada, Urbasa, Andia, Erriberriko gaztelua, Ultzamako herriak, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Erronkariko haran, Otsagi, Irati, Baztan….
Egunean, bataz beste, 65 kilometro egiten dituzte: «Bakoitza bere erritmoan joaten da eta geldialdiak egiten ditugu bidean. Bizikletak aukera ematen du denera iristeko», dio Auzmendik. Kultur ekintzak ere izaten dituzte osagarri. Egunero aterpean lo egiten dute, egun batean izan ezik: gau batean mendian lo egingo dute, antolakuntzakoek jarritako kanpin dendetan. «Kirola eginez eta aisiaz gozatuz, lan giro onean Euskal Herria ezagutzeko modua da. Euskal Herria zeharkatuz gainera, tokian tokiko euskara barneratzeko aukera izaten da».
Abuztuaren 3an Ataunera
Bosgarren etapa Otxandio (Bizkaia) eta Ataun artekoa da, 71 kilometrokoa. Legazpitik sartuko dira Goierrira eta Zerain, Segura, Olaberria eta Lazkao igaroko dituzte 18:00ak aldera Ataunera heltzeko. Ataundarrak ongi etorriren bat prestatzen ari direla badakite, nahiz eta zehaztasun handiegirik ez jakin oraindik. Ataun San Gregorio elkargunean egingo dute lo eta hurrengo egunean handik abiatuko dira Urbasara txirrindulariak. Munduatek aurreratu duenez, «goierritarren batek gurekin ibilbidea egin nahiko balu, aukera izango du, baita hurrengo egunekoa ere». Ibilbide osoan parte hartu nahi dutenek bihar dute izena emateko azkeneko eguna: 607 553 255 edo
ibiltaria@aek.org.