Astelehenean jokatuko da Ordiziako 93. Klasika. Aurten ez dute Gaintzako aldapa pikoa ibilbidean sartu. Ziklistek bost aldiz igoko dute Abaltzisketa, eta azken bi itzulietan baita Altzo ere
Ohi bezala, Santiago egunez jokatuko da Euskal Herriko eta estatu mailako egun bakarreko probarik beteranoena: Ordiziako Klasika. Aurten 93. edizioa du, eta berritasun aipagarrienen artean nabarmentzekoa da Gaintzako aldapako pikoa ibilbidetik kentzea erabaki dutela Txapel-Gorri elkarteko antolatzaileek 2014an eta 2015ean igo zen, eta aparteko ikusgarritasuna eman zion lasterketari. Hartara, txirrindulariek bost aldiz igo beharko dute Abaltzisketa gaina, eta azken bi pasaeretan baita Altzo ere.
Jose Miguel Barandiaran plazan jarriko dute txirrindulariek sinatzeko kontrol gunea (09:00-09:50), eta lasterketa 10:00etan abiatuko da Gudarien Etorbidetik. Aurrez, Felix Gonzalez zenari omenaldi xume bat egingo diote. Gonzalez aurtengo udaberrian hil da, eta Ordiziako Klasikako
foto-finish-aren arduraduna izan da urte askoan.
Lau orduko proba
Ordiziako Klasikak 165,7 kilometro izango ditu, eta gutxi asko, lau ordu inguru iraungo du. Batekoz besteko abiadura 40 kilometro ordukoa bada, 14:08an espero dute irabazlea antolatzaileek, eta 44koa bada, 13:51n. Abaltzisketa gaineko pasaerak honako orduetan izatea aurreikusten dituzte, 40ko bataz bestekoa aintzat hartuta: 10:30ean, 11:18an, 12:06an, 12:58an eta 13:52an azkena. Aipatzekoa da, Abaltzisketako bost igoeretako batean iaz Angel Madrazo irabazleak jarritako marka (6:03) ontzen duen txirrindulariak Ampo Saria jasoko duela (1.500 euro). Hori bai, saria jaso ahal izateko arauzko denboraren barruan bukatu beharko du lasterketa txirrindulariak.
Lasterketa «irekia»
Eta izenak aipatzen hasita, Jose Luis Sanz Ordiziako Klasikaren koordinatzaile nagusiak «lasterketa irekia» ikusten du. «Gaintzako aldapa kendu eta gero, zailagoa da faboritoei buruz hitz egitea. Hamar bat edo dozena bat ziklista ikusten ditut hautagai moduan». Angel Madrazok iazko garaipena berretsi nahiko du, Andrey Amador ere kontuan hartzeko ziklista da, Oricak talde sendoa dakar Simon Yates da taldeburua, Tourrean oso ondo dabilen Adam Yatesen anaia, eta ezin aipatu gabe utzi lehian ariko diren bi goierritarrak ere: Gari Bravo lazkaotarra eta Alex Aranburu ezkiotarra.
Orain 50 urte, 1966an, Ordiziako Klasika irabazi zuen Antonio Gomez del Moral omenduko dute sari banaketa ekitaldian.
16 talde
Ordiziako 93. Klasikan parte hartuko duen txirrindulari talde kopurua. Horietako bi World Team mailakoak (Movistar eta Orica), sei Kontinental profesionalekoak –tartean Caja Rural–, eta zortzi Kontinental UCI mailakoak –Euskadi Basque Country-Murias tartean–.
Txirrindulari aipagarrienak. Angel Madrazo eta Peio Bilbao (Caja Rural); Andrey Amador (Movistar); Simon Yates, Christian Meier eta Amets Txurruka (Orica); Franco Pellizotti eta Francesco Gavazzi (Androni); Leonardo Duque (Delko Marseille); David Belda eta Bruno Pires (Team Roth); eta Garikoitz Bravo (Euskadi-Murias).