Urtebete osatzera doa aurki Kuntu musika talde ataundarra. Bost herritarrek segitzen dute Ataungo musikagintza tradizio oparoa, talde proiektu bakarra gaur egun. Lazkaon atzo jo ondoren, bihar herrian ariko dira.
Unai Munduate, Aritz Cid, Gurutz Bikuña, Aiora Urdangarin eta Maddi Noguera ataundarrek osatzen dute Kuntu taldea.
Kuntu taldeak «habitat naturalean» joko du, bihar. Ataungo San Martin auzoan, Troskaeta tabernan. Musikari batzuek ordu batzuk igarotzen dituzten lekuan, eta tabernak udarako antolatu duen hiru saioko zikloa irekiko dute, bihar 22:00etan. Bide batez, gaur egun Ataunen dagoen musika talde bakarra entzuteko aukera izango da.
Bost ataundarrek osatzen dute Kuntu —Ataunen
kontu! esateko aldaeratik hartu dute izena—. Eta lau auzotakoak batu dira: San Gregorio, Aia, San Martin eta Arrondokoak dira musikariak: Unai Munduate (bateria), Aritz Cid (baxua), Aiora Urdangarin (ahotsa), Maddi Noguera (gitarra eta ahotsa) eta Gurutz Bikuña (gitarra).
2015. urtearen hasieran erne zen proiektua, Ciden eta Munduateren artean. «Zerbait egin behar genuela eta, Troskaetara deitu eta Gurutzi etortzeko esan genion», oroitu du Cidek. Urdangarin otsailean batu zitzaien, eta Noguera irailean. «Azken fitxaketa izarra, Messi bezala», diote taldekideek, umorez.
Eskarmentua erakusle
Gurutz Bikuña (Ataun, 1964) da taldeko beteranoa. Ataungo Belarra taldean ibilia, 1982tik duela urte gutxi utzi zuten arte, rock-and-roll zalea eta euskal kantari ospetsuenetako baten ezkutaria da: Benito Lertxundirekin gitarra jotzaile ibiltzen da, kontzertuetan eta diskoetan. «Sasoian ago, gainera. Udan emanaldi batzuk baditugu, eta aurten diskoa ere aterako du».
Aiora Urdangarinek ere plaza asko ditu bizkarrean. Laket erromeria taldean jotzen du, eta uda garaia lan betekoa du, orain. Esperientziaren talaia horietatik, Kuntu «denborapasa dibertigarria» zaie kideei. «Gazteekin gustura, gainera. Odol berria da», dio Bikuñak, irribarrez.
Euskal taldeen eta bakarlarien bertsioak jotzen dituzte, rock eta pop-rock ortzimuga osokoak: Ruper Ordorika, Txuma Murugarren, Itoiz, Berri Txarrak, Peiremans, Libe, Sen, Petti…
Lehenbiziko aldiz 2015eko Ataungo Gazte Festan jo zuten, Oargin. Indarra taldea eta entsegu lokaleko kidea aritzekoa zen, eta haiek animatu zituzten. Aian ere jo zuten iaz, jaietan. Aurten, uda sendo daramate: Iruñean San Fermin aurretik, Tolosan, Legazpin, Lazkaon atzo… Eta Ataunen bihar. «Ataunen, dauden toki guztietan jo dugu jada. San Gregorio falta zaigu», dio Urdangarinek.
Sorkuntza propioa ere bai
Bertsioak jotzeaz gain, musikari bokazioari bidea ez diote itxi. Beren abesti pare bat badituzte dagoeneko. Zuzenekoetan bat bakarrik jotzen dute; bestea labean daukate, oraindik. Hitzak Cidek eta Urdangarinek idatzi dituzte.
Abestiak aukeratzeko, berriz, «bakoitzak bere gustukoak» eramaten dituela dio Noguerak. Den-dena euskaraz abesten dute; «ingelesez ausartu arte», bota du Bikuñak, erdi txantxetan, erdi zirikatzaile.
Ataunen musika mugimendua badagoela aitortu dute, nahiz gaur egun talde bakarra Kuntu den. Indarra desegin zen. Musikari ataundarrak asko dira, ordea, hortik zehar. Kuntu-ren bueltan, beren habitat naturalean, elkartuko dira asko, bihar.