Goitik hasi dira Santa Ana jaiak
OKEko kideek bota zuten igandean jaien hasierako txupinazoa. Asteazkena Santanazaleen eta kuadrillen eguna denez, ohiko azoka ostegunean egingo daFesten hasierako suziria botatzeko eguna igandean egokitu da aurten, baina horrek ez du ordiziarren festar...
OKEko kideek bota zuten igandean jaien hasierako txupinazoa. Asteazkena Santanazaleen eta kuadrillen eguna denez, ohiko azoka ostegunean egingo da
Festen hasierako suziria botatzeko eguna igandean egokitu da aurten, baina horrek ez du ordiziarren festarako gogoa hoztu. Eguerdian, jende asko bildu zen Ordiziako Plaza Nagusian, jaiei hasiera emateko. Aurten Ordiziako Kirol Elkartekoek bota dute txupinazoa. 75 urte bete ditu elkarteak eta beraiena izan da jaiei hasiera emateko ardura.OKEren hainbat ordezkari bildu ziren udaletxeko balkoian, suziria botatzeko: Erregional mailako nesken taldeko Itsasne Crehuet, kadeteetako Maria Garmendia, klubeko ordezkari gisa kantinera aterako den Ainhoa Etxeberria, duela 50 urte Real Union Villafrancako kapitaina izandako Juan Ramon Etxezarreta, Gervasio Clemente OKEren lehenengo taldeko delegatua eta klubeko presidentea den Juan Vicente Erauskin.
Suziria bota aurretik, OKEk 75. urteurrenarekin estreinatu duen ereserkia entzun ahal izan zen. Erramun Amundarain eta J.J. Gomezek abestu zuten ereserkia balkoitik, plazan bildutako herritarren laguntzarekin.
Juan Vicente Erauskin OKEko presidenteak eskerrak eman zizkien «udalari, Ana Lekuonari, ereserkiaren doinua egiteagatik, Igor Egureni ereserkiaren letra idazteagatik, Burrunbazale txarangari, Erramun Amundaraini eta J.J. Gomezi, eskainitako laguntzagatik».
Ordiziako jaietan tradizio handia eta 100 urtetik gorako historia duen danborrada ere igandean egin zuten. Iluntzean atera zen Buztuntzatik eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, Plaza Nagusian eman zioten bukaera.
Ohiko azoka ostegunean
Asteazkenean izango da aurten Santanazaleen eta kuadrillen eguna. Ohiko azoka eguna denez, azoka ostegunera pasatzea erabaki du antolakuntzak. 500 urteko historia duen azoka da Ordiziakoa eta gutxitan aldatu da egunez.
1988an egin zen lehenengo aldiz ostegun batean, Ordiziako ohiko azoka. Abenduaren 15a zen, hain zuzen ere, eta greba orokorra zegoen deituta egun hartarako. Horregatik, Udalak, egun bat atzeratzea erabaki zuen. 2011an ere, aurten bezala, Ordiziako jaiengatik, ostegunera pasa zuten azoka eguna.
Azokaren 500 urteko historian, igandean izan ezik, asteko egun guztietan egin da.