Frantziako Tour-eko etapa bat irabazten duen bigarren goierritarra da Ion Izagirre ormaiztegiarra. Alpeetan garaipena lortuta, amets bat bete du. Olinpiar jokoak ditu hurrengo erronka; igandean doa Brasilera.
Larunbatean Frantziako Tour-ean lortutako garaipena asimilatzen ari da oraindik Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989), familiakoez eta lagunez inguratuta. Izandako sentipenez eta burutik pasa zitzaizkion pentsamentuez hitz egin du GOIERRIKO HITZA-rekin.
Barneratu al duzu larunbatean Tourrean egindako lorpena?
Ari naiz pixka bat asimilatzen. Gustura nago lortutakoarekin. Egun hauek aprobetxatzen ari naiz inguruko jendearekin ospatzeko: familia, lagunak…
Zer sentitu zenuen meta zeharkatzean? Alpeetan irabaztea amets bat betetzea zela esan zenuen etapa amaitu ondorengo adierazpenetan.
Momentua motza da, eta sentimentu asko izan nituen batera. Ingurukoekin gogoratu nintzen: bikotearekin, familiarekin eta urte guztian ondoan izan dudan jendearekin. Eta, nola ez, dagoeneko ondoan ez daudenekin ere bai. Tour-a txikitatik jarraitu dudan lasterketa da, munduko txirrindulari onenak biltzen dituena, munduko garrantzitsuena. Alpeetako etapa bat irabaztea, egi bihurtu den amets bat izan da.
Noiz konturatu zinen irabaz zenezakeela?
Azkeneko kilometrora arte ez nuen garbi izan. Ez nekien Pantano non zetorren, eta azkeneko igoera gakoa izan zen. Behin mendatearen gailurrera iritsita, aldapan behera dena ematea erabaki nuen. Argi nuen bakarrik iritsi behar nuela helmugara.
Asko arriskatu zenuen jaitsieran. Zer pentsamendu izaten ditu txirrindulari batek horrelakoetan?
Jende askok esan dit telebistan etapa ikustean beldurra pasa zutela, eroriko nintzelakoan. Baina ni kofiantzarekin nindoan, nire buruarenganako segurtasun handiarekin. Seguru joanez gero, erortzeko aukera gutxiago izaten da.
Telefono dei eta zorion mezu asko jasoko zenituen egunotan. Gustura hartzen dira horrelakoak?
Betiko lagunen eta aspaldi ikusi gabekoen mezu asko jaso ditut. Larunbat arratsaldea
Watshapp-eko mezuak erantzuten pasa nuen, orain modan jarri baita. Polita da aspaldi ikusi gabeko lagunak zutaz gogoratzen direla ikustea.
Juanma Garate izan zen Tour-ean etapa bat irabazten azken euskalduna, 2009an, Mont Ventouxen. Zazpi urte pasa dira harrezkero. Zaila dago garaipena Tour-ean?
Gaur egun edozein garaipen da zaila, txirrindularitza oso profesionalizatuta dagoelako. Eta Tour-ean oraindik gehiago. Ezker-eskuin begiratuta, sekulako arerioak ikusten dituzu. Lasterketa ongi kudeatu beharra dago, indarrak gorde eta, gainera, egun ona izan.
Joxe Nazabal zaldibiarra da Tourrean etapa bat irabazitako beste goierritarra. Orain 39 urte izan zen, Oloroe-Gasteiz etapan. Horren berririk ba al zenuen?
Bai, banuen horren berri. Gainera, lagun baten osaba da, Ander Mujikarena. Euskalteleko mekaniko izan zen, baina nik ez nuen berarekin kointziditu. Orain beste goierritar bat gehitu da Tour-eko palmaresera; pozgarria da.
Denboraldi bikaina osatzen ari zara. Lizarrako Sari Nagusia irabazi zenuen apirilean, gero Romandian eta Suitzan etapa bana, eta Espainiako erlojupeko txapelketa ere bai. Eta orain Olinpiar Jokoetara zoaz. Sari bat da zuretzat?
Igandean abiatuko gara Brasilera, larunbatean Donostiako Klasikan parte hartu ondoren. Olinpiar jokoetan parte hartzea edozein kirolari profesionalentzat da sari bat. Gure kirolean esanahi handia du. Formaz ondo nago, eta ilusioz. Lasterketa ona egitea espero dut.
Brasilerako zein helburu jarri diozu zure buruari?
Ez diot nire buruari helbururik jarri. Ondo bukatzea, nahikoa. Ez zait gustatzen postu bat buruan eramatea, lortu ezean golpe handia hartzen delako.
Gaur omenaldia egingo dizuete anaiari eta bioi Ormaiztegin.
Ez zaizkit horrelako ekitaldiak asko gustatzen, baina, egia esan, eskertzen da hazi garen herriak horrelako harrera bat egitea.
Udaletxean harrera ekitaldia Izagirre anaiei
Ormaiztegiko Udalak eta Izagirre Anaiak taldeak harrera ekitaldia egingo diete Ion eta Gorka Izagirreri. Udaletxean izango da, gaur, 19:00etan. Dantzariek egingo diete harrera, eta herriko txirrindulari gazteek arkua egingo diete udaletxera sartzeko.
Bi anaiak balkoira igoko dira, eta bertan Izagirre Anaiak taldeko eta udaleko ordezkariek hitz egingo dute. Gero, oroigarri bana emango diete. Bertsolariak eta trikitilariak ere izango dira ekitaldian.
Bukaeran, udaletxeko sarrerara jaitsi eta zaletuei argazkiak sinatuko dizkiete. Ekitaldi xumea izango dela adierazi du Jon Enrique alkateak.