Maisua bere artelanera itzuli da
Jokin Telleria margolaria Gabiriako Alkainburu bolatokiko horma-irudiak berritzen ari da. 1993an berak eginak dira, eta hezetasunak kaltetu ditu. Jaietarako bukatu nahi duJokin Telleria margolariak 1993an Gabiriako Alkainburu bolatokian egin zituen mar...
Jokin Telleria margolaria Gabiriako Alkainburu bolatokiko horma-irudiak berritzen ari da. 1993an berak eginak dira, eta hezetasunak kaltetu ditu. Jaietarako bukatu nahi du
Jokin Telleria margolariak 1993an Gabiriako Alkainburu bolatokian egin zituen margoletan, denborak ere egin du bere lana. Hezetasunak margoak jan ditu, eremu batzuk harrotu eta erabat ezabatzeraino. Gabiriako Udalak eskatuta, atzera harrizko mihise erraldoian ari da lanean Telleria. Uztailaren 6an hasi zen margoak berritzen, eta Andre Mari jaietarako bukatu nahi du.Hormaren barrenaldeko irudiak zeuden kaltetuen. Hondatutako zatiak berregiteaz gain, horma osoa errepasatuko du. «Orduan egindakoak ondo egongo ziren, baina harrezkero ikasitakoarekin-eta akats batzuk ikusten ditut orain. Horiek zuzenduko ditut. Kolorea ere bai, toki batzuetan, nahiz eta orokorrean mantenduko dudan. Izan ere, pertsona aldatu egiten da urteekin, eta koloreak ere desberdin ikusten dira».
Pintzela eskuan, eta orain 23 urteko bozetoak lagungarri, ordu askoko lana da artelana lehengoratzea. «Armarriarekin egun eta erdi pasatu dut», dio.
Kalitate goreneko pintura ari da erabiltzen. «Oso emaitza ona ematen du. Gainera, koloreak oso ondo geratzen dira». Duela urte gutxi beirateekin bolatokia itxi izana mesede izango dela uste du artistak, aurrerantzean hezetasun arazoa gutxitzeko.
Bolatoki osoa hartzen dute margoek. Euskal kultura, folklorea eta kirolak daude islatuta. Argazkiak erabili zituen: gauez joan, diapositibak zelaitik proiektatu, eta horman trazatu. Olaberrian ere egin zuen, gero.
Herriko gaiei garrantzia
Bertako elementuak eta pertsonaiak sartzen ahalegindu zen. «Sokatiran, adibidez, Gabiriak talde indartsua izan zuen, garai batean. Argazkia lortu dut berriz, errepasatzeko. Bertsolarien beste bozeto bat nekarren, baina herrian halako hiru bertsolari egonda [Luzio Gabiria, Eusebio Igartzabal eta Iñaki Murua], horiek margotu beharra zegoen».
Emaztea gabiriarra du Telleriak, eta lan berezia dela aitortu du. «Askotan etortzen ez bagara ere, barruan daramat Gabiria, zerbait berezia da niretzat herri hau». Orain, margolariak bere barneko artea Gabiriari eskaini dio berriz, beste puska baterako.