Bazkidetza berritzeko deialdia egin dute. Zuzendaritza eta hainbat jokalari berrirekin hasiko du elkarteak denboraldia. Errugbi eskola irailaren 16an hasiko da lanean
Ordizia Rugby Elkarteak 2016/2017 denboraldiko bazkidetza kanpaina jarri du martxan. Helburu garbi bat du klubak denboraldi berrirako, 1.000 bazkidera iristea.
Aurreko denboraldietan bezala, bazkidetza mota ezberdinak daude. Hala, bazkidetza soila egin nahi dutenek, 20 euroko kuota ordainduta zozketetan parte hartzeko aukera eta deskontuak izateko eskubidea dute, baina partidetarako sarrerarik ez. Ikasleek eta langabetuek bazkidetza berezia izango dute, iaz bezala, sarrera barne. Horiek denek 20 euroko kuota ordainduko dute; langabetuek langabetu txartela erakutsi beharko durte. Jubilatuen kuota 50 eurokoa da eta abonatu arruntarena, 80koa. Bien kasuan, deskontu, zozketa eta sarrerarekin da. Ez daude Laguntzaile, Enpresa eta Erakunde egoerak. Sarreraren salneurria 10 eurokoa izango da aurten ere.
Kuota berritzea
Erreziboa helbideratuta dutenek sarrera-txartela aktibatuta dute dagoeneko. Helbideratu nahi dutenek berriz,
info@ordiziarugby.eus e-postara idatzi beharko dute.
Helbideratu nahi ez dutenei, urteko kuota ordaintzeko, ahal bada, dirua klubeko konturen batean sartzeko eskatzen die OREk. Izena eta abizenak, bazkidetza mota eta bazkide zenbakia azaldu beharko dute. Banco Sabadell Gipuzkoanon, Kutxabanken eta Laboral Kutxan ditu kontuak klubak.
Bazkidetzak egiteko
www.ordiziarugby.eus webgunean sartu eta Bazkideak atalean klikatu behar da. Hor, izen-emate orria bete edo izen-emate orria inprimatu eta bertan ematen diren azalpenak jarraitu beharko dira.
Dena dela, klubeko ordezkariak zalantzak argitzeko egongo dira Altamiran Ohorezko mailako partidu egunetan. Baita elkarteko lokalean ere, Domingo Unanue plazan, irailaren 15era arte, astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara.
Denboraldi berria
Gernikaren aurka, asteburuan jokatutako lagunartekoan // Arg: Gotzon Zuzaeta
Astebukaeran, lehen lagunartekoak jokatu zituen AMPO Ordiziak Gernikan Gernika eta Eibar errugbi taldeen aurka. Bi partidak irabazi zituzten ordiziarrek, baina garaipenak baino garrantzitsuagoa izan da proba asko eta joko ikusgarriak egin izana, denboraldia prestatu bidean. Hurrengo astean Valladoliden izango da hitzordua VRAC taldearen aurka.
Denboraldi berrirako Ampok fitxaketa berriak egin ditu. Julen Goia idiazabaldarra izan zen ezagutzera eman zen lehea. Goia OREn hasi zen errugbian, eta urte batzuk kanpoan pasa ondoren, berriz ere etxera bueltatu da.
Goiaren ondoren, Unai Lasa, Fernando Lopez, Geronimo Albertarrio eta, azkenik, Valentin Cruz aurkeztu dira. Argentinako Buenos Aires lurraldeko Pucara taldetik datorren jokalaria da Valentin Cruz; URBAko Top14 jokatzen ari den taldea da, maila gorenekoa. Cruzek hasieratik izango du lekua Ordiziako lehenengo hamabostean. Joko irekitzailea da eta jokalari osoa da. Hankarekin du aparteko trebezia, tantoak nahiz metroak irabazteko.
Fitxaketez gain, kirol zuzendaritza berria aurkeztu zuen maiatzean OREk, denboraldia amaitu bezain laster. Javier Perlines izendatu zuten horren buru. Bere alboan egongo dira Joseba Otamendi eta Iñaki Larrañaga, eta horiei laguntzen, Aitzol Idiakez, Jon Txurruka, Joanes Aierbe, Wade Kelly eta Harkaitz Germendia.
2016/2017 denboraldia
Etxeko partidak:
- Irailak 18. Alcobendas
- Urriak 2. Bartzelona
- Urriak 23. Ciencias Rugby
- Azaroak 6. Cisneros
- Azaroak 27. Santboiana
- Abenduak 11. Santander
- Otsailak 12. Valladolid
- Otsailak 26. Hernani
- Martxoak 26. Gernika
- Apirilak 9. El Salvador
Errugbi eskola
Irailaren 16ean eta 18an hasiko dira entrenatzen errugbi eskolako taldeak. Ordizian errugbian hasteko adina 10 urtekoa da, benjaminena: 2007 eta 2008an jaiotako neska-mutiko guztiek har dezakete parte maila horretan. Urtero bezala, klubak irailean irekiko ditu Altamirako ateak eta interesatu guztiei inguratzeko dei egiten die errugbia proba dezaten. Hilaren 18an 09:30ean egingo dute lehenengo entrenamendua.Alebin eta infantil mailako taldeek irailaren 16an izango dute; infantil mailakoak 17:00etan, eta alebin mailakoak 16:00etan.
Jokalari berriek izena emateko info@ordiziarugby.eus e-postara idatzi behar dute.