Larunbatean eta igandean urteroko erromesaldia egingo dute segurarrek Arantzazura. Aurten, gainera, egitarauan hainbat aldaketa egin dituzte antolatzaileek, ahalik eta herritar gehienek izan dezaten Arantzazura joateko aukera.Beraz, larunbaterako, Aran...
Larunbatean eta igandean urteroko erromesaldia egingo dute Arantzazura. Irteera Seguratik antolatzen bada ere, segurarrez gain, hainbat zeraindarrek eta mutiloarrek ere parte hartzen dute erromesaldian. Aurten, gainera, egitarauan hainbat aldaketa egin dituzte antolatzaileek, ahalik eta herritar gehienek izan dezaten Arantzazura joateko aukera.
Beraz, larunbaterako, Arantzazura oinez joateko hiru hitzordu eta aukera zehaztu dituzte. Lehenengo taldea, 06:00etan, Segurako plazatik oinez abiatuko da. Bigarren aukera, autobusez Otsaurtera joatea izango da; 08:00etan abiatuko da autobusa plazatik. Bi taldeetako erromesak Otsaurten elkartuko dira. Hirugarrena, azkenik, 09:00etan plazatik irtengo den autobusean Aldaolaraino joatea izango da. Hiru hitzorduetako erromesak 09:45ak aldera elkartuko dira San Adriango aterpetxean eta Urbiako fondan bazkalduko dute.
Autobusa erabili eta Urbiko fondan bazkaldu nahi dutenek, izena eman behar dute Estankoan (bihar da azkeneko eguna). Autobusaren erabilera aldez aurretik 5 euro ordaindu beharko da; bazkaria, berriz, egunean bertan.
Joseba Etxeberria segurar frantziskotarrak egingo diete herriko erromesei ongi etorria.
Igandean autobusez
Igandean, berriz, Arantzazura joateko autobusa ere antolatu dute; 10:00etan irtengo da Segurako plazatik. Mutiloatik eta Zeraindik pasako da autobusa. Igandean, Arantzazuko Ospederian bazkaltzeko aukera izango da. Autobuserako zein bazkarirako, izena eman behar da Segurako Estankoan; bihar da azkeneko eguna.
Tradizio handiko eguna
Mendeetako ohitura da Seguran Arantzazuko Amaren Bederatziurreneko lehen egunean Arantzazura erromesaldia egitea. Segurarrek diotenez, «segurarrok Arantzazura joaten gizaldiak daramazkigu, usadio hau errotu zuen lehen herria izan ginen. Baserritar edo kaletar, heldu edo gazte, emakumezko edo gizonezko, betidanik joan izan gara herritarrok elkarrekin». Historiaren arabera, 1468. urtean aurkitu zuten Arantzazuko Ama Birjinaren irudia. Garai batean oinez egiten zen joan-etorria.
Legazpiarrak hilaren 8an
Legazpiarrek ere egiten dute erromesaldia Arantzazura; hilaren 8an dute hitzordua. Bertara joateko autobus zerbitzuak ipiniko dituzte: oinez joan nahi dutenentzat 07:30ean eta gainerakoentzat 10:00etan. Udaletxean eman behar da izena.