Itsasoarrak Kizkitzako ermita konpontzen, 'Auzolan' telebista saioan
Herri People saioarekin ezagun egin eta gero, Ibon Gaztañazpi aurkezleak telebista saio berria estreinatuko du igandean, ETB1en. Auzolan izena du saioak, eta izenak dioen moduan, Euskal Herriko hamaika txokotan auzolanean egindako lanak agertuko dira bertan. Aurreneko saiorako, Goierriko txoko bat aukeratu dute: Kizkitzako ermita. Itsasoarrek, gaur ospatzen ariko diren Kizkitzako egunaren aurretik, inguruak eta ermita txukuntzeko hainbat lan egin dituzte, eta haiekin batera izan dira Gaztañazpi eta bere lantaldea.
Guztira 35 lagunek parte hartu zuten auzolan horretan, 15 eta 85 urte artekoak. Horietako askorekin hizketan ariko da Gaztañazpi, auzolanaz, herriaz edota Kizkitzako ermitaren istorio bitxiaz. Saioa, igande gaueko 22:00etan emango dute, ETBren aurreneko katean.