Urteko ohiko giroa berreskuratu du Ordiziako azokak, oporrak eta feria handiaren ondoren. Azken asteotako lehorteak eta beroak baratzetan ezezik, basoan ere eragin handia izan dute.
Hamaika esames, sinismen eta us-te bada naturaren inguruan. Seinale ugari ematen dizkigu, irakurketa zailagoa zaigu, eta hitzetik hortzera dabil bisiesto deneko kontua eta, horrekin batera, baratze urte txarra, neurriz gaindiko beroaren eraginez.
Atzo produktu esanguratsuena babarrun beltza izan zen. Aurtengo lehenak postu batean baino gehiagotan ziren salgai. Kontxi Arizagarenak izan ziren lehenak, joan zen astean gutxi batzuk. Ugariago ziren atzo. Iazko prezio berean jarri ziren salgai: 10-12 euroan kiloa lekan, eta 14 euroan aletuta. Urte ona ote den galdetuta, orokorrean ez dira baikor agertu: «Pasa egin dira, lehor eta bero egin duelako, eta azken egunetako hego haizeak errematatu ditu; ia hostorik gabe dago landarea». Garrantzi handiko jakia da gure sukalde eta ohituretan babarruna. Gaur egun jakien aukera erraztu eta handitu bada ere, zenbat familiatan neguko elikagai garrantzitsuenetakoa izan zen, urte gutxira arte. Hala, Euskal Herrian tokian tokiko deitura franko duen lekalea da, Phaseolus vulgaris hau: baba, mailar, indaba, in- doaba, indibaba, ilar, ilar beltza, banabar, indirar…
Gaineratian, tomate, piper, kuiatxo, erremolatxa, berenjena… ugari. Aldiz, leka oso postu gutxitan zegoen, kiloa 4-4,5 euro artean.
Frutetan pikua, sagarra eta udara mota ezberdinak ziren aukeran. Hur berriak ere bai eta intxaurren zain, diotenez, haize honekin asko erori da, eta intxaur askorik izango denik ez du ematen momentuz.
Kontserbak egiteko garaia
Kontserbak egiteko garaia datorrela eta, plaza inguruko postuetan edota plazan Sartagudakoen salmahaian aukeran dira: udare tomatea 0,49-0,51 euroan kiloa, eta lehen piperrak, Najerakoa 1,5 euroan, pikilloa 1,80 euroan eta Mendabiakoa 0,99 euroan.
Holako lehorterik eta eskasiarik gutxitan izan da gure baso eta oihanetan. Atzo Lasak kanpotik ekarritako onddo eta zizahoriak zituen bakarrik.
Abuztuko opor aldiaren ondoren, Goienetxe fundaziokoak beren postua jarri dute berriz, hileroko bigarren astean ohiko moduan; urritasunen bat duten lagunen gizarteratzea helburu, bidezko merkataritzako produktuak eta esku lanak salgai.