EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Ahal Dugu eta PSE-EE kanpainako azkeneko egunak aprobetxatzen ari dira. Ordizian, Zumarragan eta Legazpin izan dira hautagaiak
Ohiko azoka egin zen atzo Ordizian eta bertara jende ugari gerturatzen dela aprobetxatuz, han izan ziren alderdi politikoetako kideak eta hainbat hautagai, igandean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina egiten. Baina ez Ordizian bakarrik, Legazpin eta Zumarragan ere izan ziren, kanpainaren azken txanpari etekina atera nahian.
EAJko Kerman Orbegozo Ordizian izan zen. Goierri aldeko alderdikideekin bildu eta kaleko jendearekin hitz egiten aritu zen. Arantxa Tapia, berriz, Legazpin izan zen. EH Bildutik Rebeka Ubera hautagaia Ordiziako azokan ibili zen, alderdiko beste hainbat kiderekin. Elkarrekin-Ahal dugutik, bestalde, Antxon Carrera eta Arantxa Gonzalez ere Ordiziako azokan ibili ziren eta PSE-koak, aldiz, larrosak banatzen. Idoia Mendia hautagaia, berriz, Zumarragako eta Urretxuko alderdikideekin elkartu zen iritziak elkarbanatzeko.
KERMAN ORBEGOZO (EAJ)
«Enplegua, ekonomia, autogobernua eta elkarbizitza dira oinarri»
EAJren Gipuzkoako zerrendan laugarren doa Kerman Orbegozo. Ordizian izan zen atzo alderdiaren aldeko kanpaina egiten. Igandean EAJri botoa emateko arrazoiak zeintzuk diren galdetzerakoan, «hiru ardatz nagusi landu ditugu datorren legegintzaldiari begira» erantzun zuen EAJren hautagaiak: «Lehenik eta behin, enplegua eta ekonomia berpiztu; bigarrenik, autogobernuan sakondu; eta hirugarrenik, bakegintza eta elkarbizitzan sakontzen jarraitu».
REBEKA UBERA (EH Bildu)
«Hemengo erabakiak , hemen hartu behar ditugu, denon artean»
Gipuzkoako EH Bilduren zerrendan hirugarrena doa Rebeka Ubera. Igandean botoa EH Bilduri zergatik eman behar zaion azaldu zuen atzo: «EH BIldu delako erabakitze eskubidea praktikara eramateko alderdi bakarra». «Ez bakarrik ikuspegi nazionaletik» gehitu zuen EH Bilduko hautagaiak, beste hiru ardatzetan oinarrituta ere bai: «sozialean, nazionalean eta konponbidearen bidean».
ARANTXA GONZALEZ (Elkarrekin-Ahal Dugu)
«Gizarte berdintsuago batek aukera eta aberastasuna sortzen du»
Arantxa Gonzalez Gipuzkoako Elkarrekin-Ahal Duguren hautagaia da eta 11. doa zerrendan. Honela laburtu zuen Gonzalezek igandean bere alderdiari bozka emateko arrazoia: «Jendearekin bizitza konpartitu nahi dugu, arazoak, ametsak, esperientziak… eta hori da datorren lau urteetan legebiltzarrean egingo duguna». Enplegua eta ekonomiari dagokionez, «hauek dira gaur egun gizartearen kezka nagusia» gehitu zuen eta «gai hauen inguruko politikak jarriko ditugu martxan, gizarte berdintsuago batek aukera eta aberastasuna sortzen du» nabarmendu zuen.
IDOIA MENDIA (PSE-EE)
«Arcelorren itxierak Goierrin izango duen eraginak kezkatzen nau»
Idoia Mendia PSE-EE alderdiaren lehendakarigaia Zumarragan egon zen atzo eguerdian. Urretxu eta Zumarragako alderdikideekin hitz egin zuen eta herriak ezagutzeko baliatu zuen. Mendia Arcelor Mittalen itxierak Goierri garaian izan dezakeen eraginagatik kezkatuta azaldu zen, eta bere programan halako egoera bizi duten eskual- deetan urtero 350 milioi euro inbertitzea jaso dutela gogoratu zuen. Ordizian ere izan ziren atzo PSE-EEko ordezkariak, larrosak banatzen.