EAJk eta EH Bilduk 'etxeko' hauteskundeetan oinarri sendoa dutela erakutsi dute beste behin ere. Alderdi konstituzionalisten joera, aldiz, beheranzkoa izan da irailaren 25ean
Hauteskunde egun bakoitzak duen izaeraren arabera goierritarren bozka hautua bestelakoa izaten dela argi erakutsi dute herenegungo bozek. Sei hilabeteren buruan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak bitan egin dira iazko abenduan eta aurtengo ekainean, eta bai EAJk eta baita EH Bilduk ere boto galera izan dute
etxeko hauteskundeekin alderatuta. Elkarrekin-Podemosek emaitza adierazgarriak lortu ditu Madrilera begira egindako azken bi hautes-saioetan (8.739 boto ekainaren 26an), baina oraingo hauetan erdira jaitsi da lortutako babesa (4.204). Eta PSE-EEk eta PPk ere behera egin dute igandeko bozetan. Ondorioa? Bi alderdi abertzaleek eutsi egin diotela haien hauteslegoari; EAJren kasuan sendo orain lau urte baino 110 boto gutxiago, eta EH Bildurenean Podemosen parte-hartzea sumatuta 2012an baino 1.400 boto pasa gutxiago.
Bi alderdi abertzaleen hegemonia nabarmena da Goierrin, baina bada datu bat aipatzea merezi duena. 2012ko urriaren 21ean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bildu izan zen bozka gehien jaso zuen alderdia Goierrin (12.967, EAJk 12.641), baita Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan (8.584, jeltzaleek 6.574) eta Udal eta foru hauteskundeetan ere (12.912, EAJk 11.990).
Aldaketa azken hiruetan
Harrezkero egin diren beste hiru hauteskunde deialdietan, aldiz, nagusitasun joera aldatu egin da, eta Eusko Alderdi Jeltzalea izan da alderdirik bozkatuena eskualdean. 2015eko abenduaren 20an egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, EAJk 10.319 boto eskuratu zituen (EH Bilduk 9.598) eta ekainaren 20ekoetan 9.542 jeltzaleek eta 8.673 koalizio abertzaleak. Azken horietan Elkarrekin-Podemos izan zen bigarren indarra 8.739 botorekin. Herenegungo bozetan ere alderdi jeltzalea izan da bozkatuena (12.531) eta EH Bildu bigarren indarra (11.506). Bi alderdi horien bozkak batuta, Goierrin jaso diren boto guztien %71 suposatzen dute.
Bi alderdi horietako ordezkariak pozik azaldu dira jasotako emaitzekin. EAJk 2012an baino bi eserleku gehiago izango ditu, eta «harro» daude jasotako babesarekin. Karguak «umiltasunez eta arduraz» hartuko dituztela adierazi dute. EH Bilduk lau legebiltzarkide gutxiago izango ditu (21tik 17ra), baina Elkarrekin-Podemosen efektuari aurre egiten asmatu duela dirudi.
PSE-EEren beherakada
Elkarrekin-Podemosen emaitzak ez daude orain lau urtekoekin parekatzerik, artean ez baitzen existitu ere egiten, baina Espainiako Gorteetarako azken bi deialdiekin konparatuta jaitsiera nabarmena izan du (7.511 iazko abenduan eta 8.739 aurtengo ekainean). Azkenekoekin alderatuta, erdira jaitsi da goierritarrek alderdi moreari emandako babesa (4.204). Hori bai, 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan baino 900 bozka gehiago jaso ditu orain.
Eta beherakada aipagarriena jaso duena alderdi sozialista izan da. Orain lau urtekoekin alderatuta, bi mila boto pasa galdu ditu, eta azkeneko hiru hauteskundeetan lau mila botoko langa gainditu badu ere (2015eko maiatzean 4.694, 2015eko abenduan 4.366 eta 2016ko ekainean 4.378), herenegun 3.313 eskuratu zituen. Elkarrekin-Podemosen presentzia nabaritu du PSE-EEk.
PPren jaitsiera, aldiz, ez da horren nabarmena izan. Orain lau urte baino 276 boto gutxiago jaso ditu (2012an 1.572 eta 1.296 herenegun). Hori bai, Kongresurako emaitzekin alderatuta, boto galera kontuan hartzekoa da.