Jakoba Errekondok Zeraingo herriari
Kaixo, Arantza, Zeraingo alkate anderea. Azken egun hauetan izan diren gertakarien aurrean, izan ditudan burutazio batzuk helarazi nahi dizkizut. Badakit, egoera ez da oso naturala eta gutxieneko hoztasun batekin gauzak esateko egun batzutako tartea utzi dut, suak ideiak ere erre ez zitzan. 1.- Udalak argitara eman duen agirian (“Udalaren oharra” 2016ko urriak 5) GEZURRA ESATEN JARRAITZEN DEZUTE. Zeraintzen SA ixteko zenuten asmoaren berri uztaileko herri batzarraren aurretik ez zeniguten langileoi eman. LANGILEOK ZERAINTZEN ITXI BEHAR ZENUTELA UDALETXEKO KANPOKO ALDEKO TABLOIEAN JARRITAKO DEIALDI BATEN BIDEZ ENTERATU GINEN. Jakoba Errekondok Udalerako subrogazioa nahi zuen. Subrogazioak esan nahi du laneko baldintza eta betebehar guzti-guztiak mantentzen direla. ZUEK EZ DEZUTE SUBROGAZIOA ESKAINI, langilearen lan-baldintzak kaxkartzea eta okertze hutsa baizik. Jakoba Errekondok ez zuen %40ko lanaldia, %100ekoa baizik. Zuek eskaini dezutena ez da %40tik %50era igotzea, bizik eta %100etik %50era jeistea. ZERAINTZEN SA-ko bigarren langileak, Joxean Etxabek udal langilea izatea hobetsi duela diozue. EZ DU HOBETSI. Udal langile izatera pasatzeko baldintza bat jarri zuen, bere jatorrizko lan ordutegia jornada osokoa dela errekonozitzea. Hau eskatuz idatzi bat aurkeztua du duela hilabete eta erdi eta ez du oraindik zuen aldetik erantzunik jaso, ez hitzez ez idatziz. Eta hori gutxi balitz ere, Telebistan entzun du bera eta Udalaren artean akordioa badagoela. EZ DA EGIA. 2.- Era berean, gezurrez jositako idatzi hori zuen partidu polikitoaren sareen bidez zabaldu dezute, NIRE GAIAREN ERABILERA POLITIKO ZEKENA EGINEZ. Pertsonen arteko harremanak eta akordiorako jarrerak baztertuz, sentiberatasun zipitzik gabeko bideari heldu diozute. Zuen ekinbide horrek GORAGALEA ERAGIN DIT. 3.- Zuen taldeak erabaki politiko bat hartu du, ZERAINTZEN SA ixtea, eta erabaki horren ondorioz Jakoba Errekondo KALERATUA IZAN DA. Berriro diot: KALERATUA. Eta Joxean Etxaberen etorkizuna argitu gabe dago. Honen arduradun zuek zarete, Zeraingo udaleko alkatea eta zinegotziak. 4.- Jakoba Errekondo eta Zeraingo Udalaren arteko akordioa gero etorri da. Eta argi eta garbi, ondoren etor zitezkeen xextrak, kalapitak eta epaitegiratzeak sahiesteko Jakobak bereziki bultzatu du akordioa lotzea. Osasunak asko balio du! 5.- Jakoba Errekondoren kaleratzearen inguruko tira-bira publikoak izan diren artean erabat argigarria den gauza bat gertatu da: BILDUKO UDALEKO ZINEGOTZI BATEK PUBLIKOA DEN WHATSAPPEZKO TALDE BATEAN ZERA IDATZI DU: “ORAINDIK UDALA GARBITZEN SEITTUKO DEU”. Nire arazoaren tartean hori idazteko kopeta behar du koitaduak!!! Hori esan eta idatziz uzteko adinako harropuzkeria du! Honek niri garbi adierazten dit zinegotzien arteko pentsamentua nondik norakoa den: udala zikinduta dago, Jakoba bota dugu, baina oraindik zikina gelditu da eta garbitzen segi behar dugu. Pentsatze hutsa izugarria da, baina hori jendaurrean esan eta idatzita uzteko haizetuta egon behar du batek. Horrek azaltzen du udal talde honen benetako mentalitatea zein den. Jo eta garbitu! Honek arrazoitzen du udalera sartu zeretenez geroztik langilego osoarekiko zuen jarrera. Inolako gutxieneko begirunerik gabeko tratua, ezta zakurrari ere ematen etzaiona, oinarrizko gizalegea eta errespetua ukatuz. Honek laneko giroa eta langilegoaren lanerako grina zapuztu ditu, erabat. Erruki ditut zuen artean geratu diren langileak. Eutsiko al diote goiari! 6.- Pentsatuko duzun bezala, gertatu diren hauek denak gertatuta, agurtu ginen egunean aipatu zenidaten herriarekin “despedida” bat egiteko zuen gogoa ere erabat gezurrezkoa eta maltzurra dela ikusten dut. Ondorioz ez dut inondik inora horrelako ezertara agertzeko inolako asmorik. Zeraingo herritarrengandik agurtzeko aukera gehiago ere izango dira etorkizunean. Benetan agur hori sentitua izango dutenekin topo egingo dut, lasai, zuen bitartekaritzarik gabe. Zeraingo herriak historia luzea du, baita egoera kaxkarrenei ere buru eman eta gogor eginez aurrera begira jartzeko eskola handia ere. Eskarmentu hori oinarri, etorkizunean ere herri bezala, komunitate bezala, pertsona bezala, gizalegez, emalegez eta herrilegez herri harro gisa azaltzeko kemena sortuko du. Etzazula zalantzarik izan. Nirekin edo ni gabe. Zurekin edo zu gabe. Eta Arantza, lehen esan dizudana: osasunak asko balio du! Zaindu zeurea ere.
Jakoba Errekondo Usurbilen 2016ko urriaren 10a