Ehiz garaian sartu gareneko marka gisa, salgai jarri dira usoak. Loretan, berriz, udazken-negu koloreak nagusitzen hasi dira. Nafarroatik lehen orburuak ekarri dituzte.
Hilabete batez aparteko protagonismoa hartuko du mikologia atalak ferian. Izan ere, lau astez betikotik ateratzen diren platerak prestatuko ditu sukaldari batek, hain arruntak ez diren onddo mota ezberdinak osagai nagusi hartuta. Unean uneko produktuak bultzatzeko kanpainak antolatu ohi dituen D’elikatuz zentroak Lasa onddo saltzailearekin bat egin eta helburua hola laburbildu dute: hain ezagunak ez diren onddo mota ezberdinekiko ezagutza bultzatu eta sukalde errezata ezberdinak erakustea. Hala, lehen aste honetan zizahoriekin goxokiak egin zituen Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinez de Rituertok, eta Idiazabal gazta saltsan eskaini zituen.
Bestalde, atzo zegoen eskaintzari erreparatuz, onddoa (kanpokoa nagusi), zizahoria, esnegorria, gibel urdina eta, aspaldiko partez, mendiko angula edo saltsa-perretxiko horia (Craterellus lutescens) aipatu behar dira. Horien ondoan,denboraldiko lehen usoak zituen Lasak, 7 euroan pieza. Jende asko inguratu zen postu horretara udazkeneko menuen osagaien bila.
Loretan, berriz, udazken-neguko panorama astetik astera aberasten ari da; pentsamentua, biola, azalea eta ziklamena aurretik ziren salgai, eta atzotik baita anthirriniuma eta pitimini larrosa txikia ere, prezio askotan.
Frutetan, jubille sagar gazi-gozoa ekarri zuen Amaia Alkortak Idiazabaldik, eta lehen mizpirak ere bai Itsasotik Maria Jesus Oriak, baina oraindik gogorrak aukeran, hala gustoko duen bezeroak badirelako.
Nafarroako orburuak
Nafarroako orburuak ere iritsi dira. Ohikoa denez, dozenaka saltzen dira eta 4,5 eta 4,75 euro artean ziren salgai lehenak. Gaztaina dezente ere ekarri dute, Avila, Galizia eta Portugal aldetik 4,5-6,5 euro artean kiloa. Eta mangoa gustoko duenarentzat, Malagatik ekarriak oraintxe salgai dira pieza 2,5 euroan.
Kanpoko frutei begiratuta, Valentziatik zuzenean laranjak eta mandarinak ekarri ohi dituen Juan Carlos Costa etortzen hasi da berriz ere: «Iaz baino astebete lehenago ekarri ditut laranjak; oraindik biziak daude, baina mandarinak bakarrik ez ekartzeagatik, bezeroak probatu ditzan—. Iazko prezio berean jarri ditu: laranja 1,8-2,2 euroan kiloa eta mandarina 2,3 euroan.