Datorren astelehenean jarriko da martxan aurrekontua zehazteko prozesua. Herritarrek bide bat baino gehiago izango dute iritzia emateko. Karpa bat jarriko dute auzo ezberdinetan
Ordiziako Udalak partaidetza prozesua burutuko du datozen asteetan 2017ko aurrekontuak prestatzeko. Hala, herritarren parte hartzea eskatu du inbertsioei dagokien zatia non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko. Ekarpenak egiteko aukera desberdinak prestatu dira. Aurreko prozesuan 186 ordiziarrek erantzun zioten deialdiari. Ekarpenak 44 izan zirela esan du Udalak eta haietatik «27 gauzatu edo proiektatuta» daudela gehitu du.
Jose Miguel Santamaria alkateak, Joxi Iturrioz Ogasuneko arduradunak eta Iñaki Dubreuil zinegotziak aurkeztu zuten ekimena atzo, herritar guztiak «parte hartzera» animatuz, herritarren iritzia «funtsezkoa» dela uste dutelako.
Partaidetza bideak
Udal arduradunei ekarpenak eta iradokizunak egiteko bi partaidetza bide zehaztu dituzte. Batetik, paperezko galdetegia izango dute ordiziarrek; postontzietan banatuko da eta datorren astean kalean ipiniko den karpan egongo da. Paperezko galdetegia kaleko karpan bertan, udaletxeko arreta bulegoan, udaltzaingoan edota Majori kiroldegian entregatu beharko dute herritarrek. Bestetik, galdetegia udaleko webgunean ere jarri dute,
www.ordizia.eus/
aurrekontua-galdeketa helbidean.
KARPAREN EGUTEGIA
· Astelehena, 24. Altamira: 11:00-13:30 eta 17:30-19:30.
· Asteartea, 25. Otegi-enea/Majori: 11:00-13:30 eta 17:30-19:30.
· Asteazkena, 26. Erdigunea (Barrenetxe): 11:00-13:30 eta 17:30-19:30.
· Osteguna, 27. Buztuntza plaza: 11:00-13:30 eta 17:30-19:30.
· Ostirala, 28. San Joan auzoa: 11:00-13:30 eta 17:30-19:30.