Urtzi Arrondo: «Bolada on hau luzatzen saiatu beharra daukagu ahalik eta goien egiteko»
Urtzi Arrondo (Beasain K.E.-ko entrenatzailea)
Bolada onean da Beasain futbol taldea, azken bost partidetatik lau irabazi eta bat berdinduta. Hirugarren Mailako sailkapenean gora begira jarrita daude beasaindarrak, bosgarren postuan.
Bederatzi partida jokatu dituzue dagoeneko. Orain artekoaz zein balorazio egiten duzu?
Hasieran pixka bat kostatu egin zitzaigun, lehenengo lau partidatan bi puntu besterik ez genituen eskuratu. Orain, berriz, bolada ona hartu dugu eta momentu onean gaude: 13 puntu lortu ditugu azkeneko bost partidetan, lau irabazi eta bat berdinduta. Sailkapenean ere pixka bat gora egin dugu. Gustura gaude.
Hirugarren Mailako sailkapenean bosgarren postuan zaudete, 15 punturekin. Alaves, Vitoria, Durango eta Portugalete dituzue aurretik.
Horrelakoetan beti esaten den bezala, lehen ez ginen hain txarrak eta orain ez gara hain onak. Hasieran merituak egin genituen puntu gehiago eskuratzeko baina askotan partidak tokatzen diren bezalakoak izaten dira eta partidatan punturik ateratzen ez genuen asmatu. Orain, hobeto gaude; taldea ere azkeneko bost-sei astetan gehiago osatu dugu.
Aldaketarik egin duzue tal-dean?
Bai. Beasaingo Iker Garmendia Realak fitxatu zuen hirugarren partidarako. Bestela ere goiko postuetan nahiko kolokan geunden aurrelari aldetik eta jokalari bat ekartzea pentsatzen genuen. Baina Iker joan zenean, bi jokalari berri ekarri genituen. Dirudienez taldea osatuago dago orain.
Zein jokalari etorri dira?
Irundik Richard Tenreiro etorri da, Real Unionek utzita, eta Gasteiztik, Aurrera Vitoriatik, Jon Ander Perez. Bolada txarrak ere etorriko dira, baina bolada on hau luzatzen saiatu beharra daukagu ahalik eta goien egoteko.
Aurreko denboraldian bolada hori azkeneko partidetan harrapatu zenuten.
Bukaeran izan genuen, berandu samar. Urtean zehar ez genituen hiru partida segidan irabazi. Egia esanda oso zaila izaten da hori. Aurten ere, gure mailan, inork ez ditu lau partida irabazi segidan. Dena oso berdinduta dago eta partidak jarraian irabaztea ez da erraza.
Alaves B doa lider 23 punturekin. Vitoria, Durango, Portugalete eta Beasain lau puntuko tartearekin zaudete.
Bai, ematen du Alaves B nahiko indartsu dagoela, iaz Bigarren Mailan zeuden jokalari batzuk ere badauzka, nahiko egonkor dagoela dirudi. Besteok borrokan ibiliko gara.
Bigarren B Mailara igotzeko fasea jokatzea duzue erronka ezta? Horretarako laugarren postua lortu behar da gutxienez.
Beti hori esaten dugu, udaberri-Aste Santu inguru horretan, igoera fasean sartzeko lau postuetarako borroka egiteko aukera izatea dela gure erronka. Ga- rrantzitsua da, hasieran goiko postuetan egonkortzea, tartea edo aukera ematen duelako akatsak edukitzeko.
Bihar Ondarroaren aurka eta hurrengo astean Getxoren aurka jokatuko duzue. Ondoren, sailkapeneko lehenengo hiru postuetan doazenen aurka jokatu beharko duzue.
Lehenengo blokean erdialdean ibiltzen direnen aurka jokatu dugu eta gero hiru partida izango ditugu goiko postuan daudenen aurka. Azaroaren 5ean Vitoria, 13an Alaves (etxean) eta 20an Durango. Ea puntuak gehitzen jarraitzen dugun.