Jaialdia amaituta, balorazioak egiteko unea da eta «ikaragarri pozik» daudela esan du antolakuntzak. Dagoeneko, datorren urteko Ordiziarrock prestatzen hasi dira
Ordiziarrock jaialdiaren 13.edizioari itxiera bikaina eman ondoren, antolakuntza «ikaragarri pozik» agertu da; «eguraldia lagun izan dugu, jendeak sekula baino hobeto erantzun du eta guztia oso ongi atera da, ezin dugu gehiago eskatu», adierazi du Urko Ruiz de Apodakak.
Horrelako jaialdi bat prestatzeak «urte osoko lana» dakarrela eta jaialdia gerturatu ahala «eromena» bihurtzen dela aitortu du Ruiz de Apodakak: «15 talde, eszenatoki ugari, ia 100 musikari… Gauzak ongi ateratzeko, guztia ondo koordinatzea gustatzen zaigu eta hori ordu askotako lana den arren, beste behin ere merezi izan du esfortzuak». Ordiziarrock pasata eta emaitza ikusita, «oso pozik» daudela esan du Ruiz de Apodakak. Ekitaldiak, beste elkarte batzuekin elkarlana eta kontzertu guztiak «primeran» atera direla eta jaialdiak jendearen aldetik «oso erantzun ona» izan duela erantsi du.
Hurrengorako lanean jada
Egun neketsuak izan badira ere, Ordiziarrockeko antolakuntzak ez du deskantsurik hartzen: «Atzo oraindik aurtengo Ordiziarrockeko gauzak jasotzen ari baginen ere, dagoeneko datorren urtekoan pentsatzen ari gara». Ruiz de Apodakak aurreratu duenez, «talderen batekin hitzeginda gaude dagoeneko datorren urteko Ordiziarrockera etor dadin, eta baiezkoa eman digute». Hau da, aurtengo jaialdia amaitu berria denean, 14. edizioa prestatzen ari dira dagoeneko. «Askok pentsatuko dute ez gaudela burutik sano, eta agian egia izango da, baina hau da egitea gustatzen zaiguna eta urtetik urtera jasotakoarekin hare eta gogo gehiago dugu lanean jarraitzeko» aiturotu du antolakuntzako Ruiz de Apodakak.
Zozketaren irabazlea
Bestalde, GOIERRIKO HITZAk eta Ordiziarrockek elkarlanean, 18 musika cd besteak beste, Starblues, Bi bala eta Fummut taldeenak eta Bi bala taldearen kamixeta zozkatu zituzten. Aurtengo irabazlea Pilar Murua izan da, eta asteburuan jaso zuen bere saria.
dd
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.