Pasa den urriaren 19an, Enirio-Aralar Mankomunitateko juntaren bilera izan zen, bilerak irekiak direnez herritar talde bat bertan izan ginen.
Bileran, demokrazia eta etika bezalako kontzeptuak, auzokoaren patrikan.
Juntako zenbait ordezkarik esan zutenez, duela hilabete eskatutako Goroskintxuko pistaren proiektu txostena oraindik juntako ordezkariei eman ez zaien arren, eta, ondorioz, bozkatu ez duten arren, makinak mendian lanean hasita daude bazterrak urratzen. Nork bidali ditu makinak?
Ez bagenuen gaizki ulertu, Abaltzisketako alkate Jon Zubizarretak. Eta nor da bera, bere kasa, holako erabaki bat hartzeko?
2003an Mankomunitateak onartutako Aralarko azpiegituren plangintza zela eta, Lazkaoko Udaleko ordezkaria den Aitor Altunak berriz honako hau esan zuen: hura ez doala hemendik hogei urterako proiektuez mintzatzera, gaurtik biharrako erabakiez baizik. Benetan larria iruditzen zaigu hain irizpide murritzeko jendea kargu politikoetan egotea. Beraz, proiekturik gabe, obren baimenik gabe, makinek lanean jarraitu behar dute?
Ordiziako alkate eta Mankomunitateko lehendakari Joxe Migel Santamariak zera erantzun zuen: ez omen dela obra baimenik behar. Horrek zer esan nahi du, adibidez Ordizian urbanizagarri izendatutako lurretan eraikitzeko baimena dagoenez, ez dela proiekturik eta obra baimenik behar?
Abeltzain guztien datuak ere aspaldi eskatuta omen daude. Zeren beldur dira datu hoiek emateko? Hortik bizi den ganaduzale kopurua oso txikia delako, agian?
Eta non daude herritarron eskubideak eta iritziak, Aralar parke natural publikoa izanik ?
Bileran jasan genuen indarkeria instituzionala salatu nahi dugu. Ez ziguten hitz egiten utzi bozketak egin eta bilera bukatutzat eman zuten arte. Ez dezagun onartu kazikada baztertailerik. Guk usain hori hartu genion.
–Eleuterio Jauregi ‘Makalo’, Urko Galarraga eta Arantxa Murua (Zaldibia)