Aramako festak gaur hasiko dira, gaztainak janez
Aramako San Martin jaiei ere gaur iluntzean ekingo diete. Ohitura duten legez, gaztainak erreta jango dituzte, lehenbiziko ekitaldi modura (20:00etan). Gari eta Iñaki trikitilariek girotuko dute afaria.Egitarauaren mardulena bihartik igandera prestatu...
Egitarauaren mardulena bihartik igandera prestatu dute. Bihar, San Martin eguna, meza (11:00) eta hamaiketakoa (12:00) egingo dituzte. Jolasen eta lehiaketen zaparrada izango da, bazkal aurretik eta ondoren: toka txapelketa herrikoia (13:00), musa (16:30), seiko urre txapelketa eta ume jolasak (17:00).
Biharko afari-pasada egiteko aitzakian, aurrez patata tortilla lehiaketa antolatu dute. 19:00etan hasiko da. Izena Toki-Alai tabernan eman behar da. Gauean, Guri5 talde gabiriarrak erromeria musikatuko du (22:30ean hasita), eta gero Bedeinkatuak taldeak joko du (01:00ean).
Larunbaterako mozorro festak hartuko du txanda. Selfie lehiaketa (11:00), buruhandiak (12:00) eta herri bazkaria (14:00) prestatu dituzte. Iluntzeko 19:00etan mozorrotuen photocall-a eta dantzaldia izango dira, Alaiki taldeak girotua. Gauean ere hark joko du.
Sagardo probaketa jaian
Igandean, Arama-Altzaga frontenis finala (11:30), puzgarriak (15:00) eta sagardo dastaketa (19:00) izango dira. Arama bizirik dagoela erakusteko, argazkiak aterako dituzte, bukaeran.