Bihar da egun handia, eta kuadrillek eta jubilatuek bazkariak dituzte. Jaietako ekitaldi gehienak plazako karpan egingo dira. Igandean lehen herri azoka egingo dute
Haurrek txupina botata, gaur 17:30ean hasiko dira Ataun San Martinen jai nagusiak, igandera arte. Txokolatea hartu eta buruhandiak aterako dira. Patata tortilla lehiaketa egingo dute, 19:00etan hasita, eta afaria izango da gero. San Martingo plazan kokatutako estalpean, berogailu eta guzti, egingo dituzte festetako ekitaldi gehienak. 22:00etan,
Maskara txuria ikuskaria dago.
San Martin eguna bihar da. Jubilatuen eta kuadrillen egunak dira, eta bazkariak dituzte. Txupinazo ofiziala herriko sukaldari taldeak jaurtiko du, 11:00etan. Haurren mahai-futbola, meza bertsolariekin (11:00), eta artzain txakur lehiaketa (12:30) daude.
Asteburuari ekiteko, arratsaldean buruhandiak eta dultzaineroak (17:00) aterako dira,
Ataun dantzan ikuskizuna (19:00) eta Otsein taldearen kontzertua Oargi aurrean (20:00) ere iragarrita daude.
Gauean, Occhi di Farfalla eta Huntza taldeek kontzertua joko dute, 23:30ean. Huntzak
Aldapan gora abesti entzuna plazaratu du, diskoaren aurrekari. Aitzol eta Inhar Eskisabel anaia ataundarrek jotzen dute bertan.
Larunbata, herriko txistularien doinuekin hasiko da —igandea ere bai—. Jolas parkea egongo da plazan (11:00-14:00), eta toka txapelketa, Aizkoaten: 11:00etan 16 urtez behekoak, 12:00etan larriak. Maite eta trikitilariek alaituko dute kale giroa.
Haurren bazkaria eta jolasak egingo dituzte. Iluntze aldera, mozorrotuak elkartuko dira, 17.30ean, kalejira egiteko. Sagardo probaketa (19:30) eta herri afaria daude gauean, eta kontzertuak: Ezten Giro eta Joseba B. Lenoirrek joko dute.
Herri azoka eta mondejuak
Igande goiza I. Herri Azokak girotuko du. Herriko ekoizle, artisau, sortzaile, eragile eta norbanakoek parte hartuko dute. Herriko produktuak ezagutzea eta saltzea, eta euren informazioa zabaltzea lortu nahi dute.
Ataungo VII. Mondeju Beltz txapelketa ere egingo da, jaian. Jai arratsean, Otsoak dantza taldeak (17:00) eta bertsolari saioak (S.Lizaso, Peña, Alberdi eta O. Enbeita, 19:00) itxiko dute festa.
LEHIAKETAK
· Mondeju beltza. Igandean, 12:30ean, VII. Ataungo Mondeju Beltz lehiaketa egingo da, Jentilbaratzak antolatuta. Lau kana aurkeztu behar dira, saldarekin, 11:00etan, plazan. Usaina, zaporea, ebaketa eta osagaien txikitzea neurtuko dituzte. Hiru sari daude: 150, 120 eta 100 eurokoak.
· Argazkiak. Gaur, patata tortilla lehiaketa gai hartuta, Instant batean argazki lehiaketa egingo da. 12-17 urte arteko nerabeentzat da. Izena aurrez Gaztelekuan, eta gaur Troskaetan, Martintxon edo Oargin, 18:30ean
OHARRAK eta TXARTELAK
· Autobusa. Bihar gaueko autobus zerbitzua. Ordizia-Beasain-Lazkao-Ataun 23:30 eta 01:30ean. Itzulikoak: San Martin-San Gregorio-Aia 00:00, 02:00 eta 03:30; San Martin-Lazkao-Beasain-Ordizia 00:30, 02:30 eta 04:00. Etzi, ohiko zerbitzua. Geltokia Zelaieta atzera aldatuko dute jaietan.
· Txartelak eta izenak. Jubilatu bazkari, kuadrilla bazkari, tortilla lehiaketa eta herri afarirako.
Aramako festak gaur hasiko dira, gaztainak janez
Aramako San Martin jaiei ere gaur iluntzean ekingo diete. Ohitura duten legez, gaztainak erreta jango dituzte, lehenbiziko ekitaldi modura (20:00etan). Gari eta Iñaki trikitilariek girotuko dute afaria.
Egitarauaren mardulena bihartik igandera prestatu dute. Bihar, San Martin eguna, meza (11:00) eta hamaiketakoa (12:00) egingo dituzte. Jolasen eta lehiaketen zaparrada izango da, bazkal aurretik eta ondoren: toka txapelketa herrikoia (13:00), musa (16:30), seiko urre txapelketa eta ume jolasak (17:00).
Biharko afari-pasada egiteko aitzakian, aurrez patata tortilla lehiaketa antolatu dute. 19:00etan hasiko da. Izena Toki-Alai tabernan eman behar da. Gauean, Guri5 talde gabiriarrak erromeria musikatuko du (22:30ean hasita), eta gero Bedeinkatuak taldeak joko du (01:00ean).
Larunbaterako mozorro festak hartuko du txanda.
Selfie lehiaketa (11:00), buruhandiak (12:00) eta herri bazkaria (14:00) prestatu dituzte. Iluntzeko 19:00etan mozorrotuen
photocall-a eta dantzaldia izango dira, Alaiki taldeak girotua. Gauean ere hark joko du.
Sagardo probaketa jaian
Igandean, Arama-Altzaga frontenis finala (11:30), puzgarriak (15:00) eta sagardo dastaketa (19:00) izango dira.
Arama bizirik dagoela erakusteko, argazkiak aterako dituzte, bukaeran.