Eguraldia ez ezik, ardi esnea eta eguberritako gutiziak ikusi ditugu Ordiziako azokan, biak ala biak garaian garaiko markak.
Ezkur urtea elur urtea esan ohi da. Ezkurra ugari izan da eta elurra atzo Ordizia bertara iritsi zen eguerdian, Aizkorritik hurbilago dauden herritan goizetik mara-mara ari zen bitartean. Orduak aurrera egin ahala tenperaturak behera egin zuen; Ordiziako plazako termometroan 8 gradu goizeko 07:30ean, eta 5 gradu eskas eta elurra eguerdi aldera.
Eta gustatu edo ez, garaiko marka da. Aipagai diren produktuak bezalaxe, ardi esnea esate baterako. Ordiziako Arramendikoa salgai zuen atzo Maria Jesus Garmendiak. «Ardi gutxi batzuk dauzkagu eta etxean gaztarik ez dugu egiten; esneak hemen estimazioa badu» zioen. Aspaldiko prezio berean du salgai, litroa 2,4 euroan. Litroko edota litro eta erdiko botilatan eskaintzen du. Behar izanez gero ere, mamia nola egin azaltzeko prest dago. Beraz, inoiz egin ez duenak eta saiatu nahiko balu aitzakirik ez. Erositako gatzagiarekin nahiz naturalarekin nola egin behar den azaltzeko, Ordiziako azokan irakasle on askoak badira.
Gabonen lehen marka
Gabonak hilabete barru badira ere, lehen marka atzotik dago ferian. Aitzaki horretan gozogintzako aukera zabaldu da. Oliba eta fruitu lehorren artean eguberritako gutizi gozoen eskaintza zabala dute Maria Luisa Mendizabal eta Vicente Muñozek. «Polboroiak eta piku pastela urte guztian izaten dira, baina gainerakoak orain ekartzen hasten gara» zioen Muñozek, hala nola mazapanak, mantekatuak, ardo opila edo turroia; 15 eta 22 euro artean dago salgai aukeraren arabera, «iazko prezio berean, eta Sotoko mazapanak merkeago gainera». Piku pastela era badute salgai: «Kirolariek erosi ohi dute, kirol probetan edota entrenamentuetan jateko, erraz eramaten da eta indarra hartzeko ona da» azaldu zuen. Fruitu lehorren aukera, bestalde, zabaldu egiten dute garai honetan: pikua, arana, mahatspaxak, mertxika eta alberretxiku… idortuak salgai (7-15 euro artean kiloa).
Barazkietan aparteko berririk ez dago, ingurukoei dagokionez. Nafarroako kardua hasi da 1,5 eta 4 €euro artean bakoitza eta plaza inguratzen duten postuetan eros daiteke. Mikologia atalean, berriz, aukera zabala bezain koloretsua, izenak lekuko: esnegorri, zizahori, saltsa perretxiku beltza, onddo, mendiko angula edota tripakiak aukeran.