Aralarko bihotza salba dezakegu oraindik
GUTUNA – Aitzol Fernandez Arin.
Aralarko borda guztietara pistak eraikitzeko egitasmoaren lehen urratsa bere helmugara iritsi da, Goroskintxura. Pistak eragin duen txikizioa denon bistara gelditu da. Malda handiko guneetan 3 metroko paretak egin behar izan dituzte eta paisai karstikoak berezkoak dituen egitura eta pasadizo bitxiak betirako galdu dira. Txikizio honen argazki asko sarean daude ikusgai.
Aralar ez da santutegi bat, baina bai parke natural babestua. Aralarren dago, gaur egun, Gipuzkoan geratzen zaigun pistarik gabeko eremu zabal bakarra. Hemen jokoan dagoena hau da: nolako Aralar utziko diegun gure ondorengoei.
Horregatik, Aralarren etorkizuna ezin da erabiltzaileen esku utzi. Berdin dio, erabiltzaile horiek mendizale, naturazale, artzain profesional edo ganaduzale afizionatu izan. Aralarren etorkizuna, Parke Naturala zaintzeko eskumena duen administrazioak erabaki behar du, Foru Aldundiak. Erabiltzaile guztien iritzia kontuan hartu behar da baina, parke natural baten kudeaketan kontserbazioak du lehentasuna.
Goroskintxuko pistaren aldeko botoa eman duten alderdi politikoen ardura ahaztu gabe, Foru Aldundiarena da erantzukizun nagusia eta kasu honetan, Parke Naturala babesteko bere bete beharra alde betera utzi du.
Pistek ez dute ekosistema babestuko, paisaia desitxuratuko dute eta ikusi beharko da trafikoaren handitzeak izango duen eragina. Eremu batzuetan abereen presioa desagertuko balitz, lehenik sastrakak eta zuhaixkak sortuko lirateke eta urteen poderioz, tokiari dagokion basoa, pagadia. Paisai aniztasuna beti izango da ona parkeko biodibertsitatearentzat.
Pisten kontra egotea, abeltzaintzaren aurka egotea omen da. Ez gara joko horretan eroriko. Bere ingurura egokitzen den abeltzaintzaren alde gaude. Edozein jarduerari bezala, abeltzaintzari ere ingurumena errespetatzea eskatu beharko zaio. Are gehiago, Aralarko zati hau mendi publikoa eta babestutako Parke Naturala denean.
Goroskintxura iristeko eragin diren kalteek ez dute atzera bueltarik. Esperientzia honek gauzak beste modu batera egiteko balio beharko luke. Oraindik, makinak ez dira Aralarko bihotzera iritsi. Alotzako zelaiak eta Ganboko ingurua salbatzeko garaiz gaude oraindik.
– Aitzol Fernandez Arin.