Taldea 35. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago. Apirilaren 27tik 29ra mundu mailako kirolariek eta irakasleek entrenamendua egingo dute. Gusken egitura berria sortu dute
Alvaro Calvo, Elena Ruiz eta Juan Lasa, Shorinji Kempo jardunaldien aurkezpenean. // Argazkia: Loinaz Agirre
Beasainen 35 urte daramatzate shorinji kempo Japoniako arte martziala praktikatzen. 196 kirolarik osatzen dute taldea, 18 teknikariren ardurapean: 87 gizonezkok eta 109 emakumezkok. Gaur egun, Guske (Goierri Urolako Shorinji Kempo Eskola) izenpean dago Beasaingo taldea. Horrekin batera, mundu mailako Ikka elkarteko kidea ere bada Guske, «estatuko ordezkariak gara», diote Guskeko Alvaro Calvok eta Juan Lasak.
Orain, 35. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabiltza. Pasa den igandean, Antzizar kiroldegian ikastaro berezia egin zuten.
Apirilera begira
Dena den, epe luzeagora begira jarrita daude Guskekoak: apirileko azkeneko asteburuan, nazioarte mailako shorinji kempo seminarioa edo entrenamendua egingo dute Beasainen. Ikka elkartea osatzen duten munduko zazpi herrialdetako 400 ordezkarik hartuko dute parte bertan: Italia, Japon, Txekia, Suitza, Ingalaterra, Irlanda… Etxeko ordezkariak ere izango dira.
Entrenamendua gidatuko dutenak, Japongo goi mailako hainbat irakasle beterano izango dira. Besteak beste, Mizuno, Chikahiro, Kadowaki, Yoshinaga, Matsumoto eta Okita.
Guskeko Juan Lasak aurkezpenean adierazi zuenez, «Goierrin, eta estatuan, inoiz ikusi gabeko» ikuskizuna izango da. Belaunaldi desberdineko shorinji kempolariek bat egingo dute Beasainen.