Plazaolako jolas parkea berritzeko parte hartze prozesua jarri dute abian
Plazaolako jolas parkea zaharkitua dago. Legazpiarrek lau aukeratatik gehien gustatzen zaiena hautatuko dute. Egitasmoa atzo aurkeztu zuen Eric Galvez Hirigintza zinegotziakLegazpiko Udalak Plazaolako jolas parkea berritzeko parte hartze prozesu bat ab...
Plazaolako jolas parkea zaharkitua dago. Legazpiarrek lau aukeratatik gehien gustatzen zaiena hautatuko dute. Egitasmoa atzo aurkeztu zuen Eric Galvez Hirigintza zinegotziak
Legazpiko Udalak Plazaolako jolas parkea berritzeko parte hartze prozesu bat abian jarri du. Herritarrek lau aukeratako bat hautatu behar dute eta 5-7 urte bitarteko haurren iritzia aintzat hartuko da.Eric Galvez zinegotziak prentsaurrekoa eman zuen atzo goizean egitasmoa aurkezteko. «Legazpiko haurrek Plazaolako jolas parkea asko erabiltzen dute eta dagoeneko oso hondatuta dago», esan zuen. Hori dela eta, udalak goitik behera berritzea erabaki du.
Lehenengo parkea estaliko da eta ondoren jolasak aldatuko dira. Estaltzearekin batera, argiteria berria jarriko da.
Ondoren, jolasak aldatuko dira. Horretarako, udalak parte hartze prozesu bat sustatuko du. Haurrek beraien ikastetxeetan gaia landuko dute eta gainontzeko herritarrek ere botoa emateko aukera edukiko dute.
Lau aukera daude (A-Dragoia, B-Zoologikoa, C-Gaztelua eta D-Pitufoak) eta horien berri emateko panelak jarri dituzte ikastetxeetan, haurreskoletan, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Plazaolako jolas parkean bertan.
5, 6 eta 7 urteko haurren iritziak jasotzeko, muralak, hautetsontziak eta gutun-azalak banatu dituzte. Muraletan aukerak eta azalpenak ageri dira eta gutun-azalean azalpenak eta bozkak daude. Bozketan, aukera bakoitzaren azpian zenbaki bat jarri behar dute batetik laura: puntu bat gehien gustatzen zaien aukerari eta lau gutxien gustatzen zaienari. Gainera, aukeraketaren arrazoia azaldu behar dute. Bukaeran, izena eta abizenak jarri behar dituzte. 0-7 urte bitarteko haurren gurasoek ere ikastetxeetan emango dute botoa.
Gainontzeko legazpiarren bozkak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan egongo dira eskuragarri. Udalaren webgunean ere eman dezakete botoa.
Hilaren 16a arte
Bozketa atzo hasi zen eta hilaren 16an bukatuko da. Haurren aukera eta iritzia aztertu eta gurasoek eta gainontzeko herritarrek bozkatu dutena aztertu ondoren, udalak bozka gehien izan duen proposamenaren berri emango dio herriari.
Parte hartzaile guztien artean 50 euroko bi bono zozketatuko dituzte, herriko komertzioetan gastatzeko. Bono bat haurren artean zozketatuko dute eta bestea guraso eta gainontzeko herritarren artean.