Kultur etxe zaharraren tokian udaletxea eraiki, eta oraingoa botata espazio librea sortzea erabaki da. Lehentasuna izango du
Zaldibiako udaletxea, eta ezkerrean kultur etxe zaharra.
Zaldibian eraikin eta azpiegitura publikoak nola berritu erabakitzeko jardunaldia egin zuten, larunbatean. Herritarrek iritzia eman dute, eta bozketan lehentasunak markatu dituzte. Udal eraikina berritzea jarri dute heldu beharreko lehen zeregintzat.
Plazako estalpearen beharraz luze mintzatu ziren. Azkenean, frontoia estaltzen hasi aurretik —Elizarekin hitzarmen bat dago tarteko—, beste irtenbide bat planteatu da: udaletxe berria kultur etxe zaharraren lekuan eraiki, eta oraingo udal eraikina botata espazio estalia hor sortu.
Bi txori botako lirateke, hala. Batetik, udaletxearen irisgarritasun eta azpiegitura gabezia konpontzeko bidea ireki da. Alboko kultur etxe zaharra bota, eta orube horretan altxatuko lukete Zaldibiako herriko etxe berria. Ondoren, gaur egungo udaletxea eraitsi, eta plazari espazioa irabaziko liokete.
Hein berean, udal eraikinean dauden zerbitzuak nola berrantolatu ere zehaztu dute: musika eskola Artxanberriko lokaletara aldatuko lukete. Udal eraikinaren barrenaldean «bai ala bai» segituko lukete Beti-Gazte jubilatu elkarteak eta gizarte zerbitzuek, besteak beste.
Parte-hartze «aktiboa»
Hiru orduko jardunaldia izan zen, zapatu goizean. «Iritzi desberdinak plazaratu ziren, eta herritarrak luze aritu ziren. Jendearen parte-hartzea aktiboa izan zen oso, aberatsa. Udal taldeek asko eskertzen dugu hori, gure lana errazten duelako», baloratu du saioa Joxan Etxabe alkateak.
Orain, proiektua garatzeko «arazoa» ekonomikoa da. Diputazioaren Etorlur enpresaren bidez «itxaropena» badu Zaldibiako Udalak, Europako diru laguntza batzuk jasotzeko.
Aurreikusita zeuden beste gai batzuk azaltzeko astirik ez zen izan, udal biltegi berriarena, kasu. Abenduaren 14an egingo du aurkezpena udalak.