Gogoz hasi du kros denboraldia korrikalari urretxuarrak (1989), lehen bi probak irabazita. Goierri Garaia taldeko kidea da, eta ez du bere bizitza irudikatzen korrikarik egin gabe.Kros denboraldiko lehenengo bi lasterketak Irunen eta Ordizian irabazita...
Gogoz hasi du kros denboraldia korrikalari urretxuarrak (1989), lehen bi probak irabazita. Goierri Garaia taldeko kidea da, eta ez du bere bizitza irudikatzen korrikarik egin gabe.
Kros denboraldiko lehenengo bi lasterketak Irunen eta Ordizian irabazita, gustura?
Egia esan ez nuen oso sentsazio ona izan Irungo lasterketan, baina garaipenarekin gustura geratu nintzen. Apur bat nekatuta iritsi nintzen lasterketara eta ez nuen gozatu.
Denboraldia hasi baino ez da egin. Noiz arte luzatuko da?
Martxora arte. Oraindik lasterketa asko geratzen dira: Gipuzkoako txapelketa Arraten, Elgoibar, Lasarte, Amorebieta, eta gero Euskadiko txapelketakoak. Agian ez dut denetan parte hartuko, baina momentuz horiek ditut buruan.
Nola ikusten duzu zure burua denboraldiari aurre egiteko?
Gogoz, urtero bezala. Ea zer moduz ateratzen den, eta lesioek errespetatzen nauten. Oraingoz indartsu ikusten dut nire burua fisikoki. Dena den, oraindik hasieran gaude eta ez dit astirik eman gorputza guztiz nola dudan ikusteko.
Senior mailan bitan irabazi duzu Euskadiko txapelketa, 2014an eta 2016an. Bestalde lasterketa pila bat irabazi dituzu zure ibilbidean. Oraindik ilusioa egiten dizute garaipenek, eta dagoeneko ohitu egin zara?
Garaipenek ez didate ilusio berezirik egiten. Nahiago dut maila altuko kros batean parte hartu eta atzerago geratu, edozein kros irabazi baino. Sentsazio onarekin amaitzea gustatzen zait. Sentsazio txarrarekin amaitu eta irabazteak ez nau betetzen, ez du ezer esan nahi niretzat.
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Astean sei egunetan entrenatzen dut. Egun batean gimnasioa, beste pare bat egunetan kilometroak lantzen ditut, eta gero serieak, erritmo aldaketak eta horrelakoak lantzen ditut. Mendian ere entrenatzen dut noizbehinka. Prestatzaile fisiko bat dut, eta berak jartzen dizkit jarraibideak.
Taldean ala bakarka entrenatzen zara?
Bakarka. Ez nahiago dudalako, baina oso zaila da beste norbaitekin elkartzea zure ordutegi berean entrenatzeko. Gainera ohituta nago bakarrik entrenatzera, txikitatik hala egin dut eta. Dena den, igandeetan Loiola inguruan elkartzen gara taldekideok, elkarrekin entrenatzeko.
Orain oso modan daude mendiko lasterketak. Ez zara animatzen?
Gaztetan hartu nuen parte mendiko lasterketa batzuetan, eta gustura ibili nintzen. Baina jaitsierek akabatu egiten naute. Ez daukat postura ona, eta nire bizkarrak eta belaunek asko sufritzen dute. Zegama Aizkorri eta halakoetan ez dakit nola jaisten dituzten malda horiek korrika. Niri ez zait burutik pasatzen. Oraingoz nahiago dut krosarekin segi.
Noiz eta nolatan hasi zinen korrika?
Anaia hasi zen korrikan Urola Garaia taldean. Gustura ikusten nuen, eta nik ere hastea pentsatu nuen. Hamar edo hamaika urterekin sartu nintzen taldean, eta haiekin jarraitzen dut, etxeko taldean.
Garrantzitsua da horrelako kirol indibidual batean talde bateko kide sentitzea?
Bai, noski. Egun txar bat duzunean egun hori aurrera ateratzen laguntzen dizu beti taldeak. Igandeetan egiten ditugun taldeko entrenamendua niretzat kristorena izaten da, desberdina.
Zer eskaintzen dizu korrikak? Zer esan nahi du zure bizitzan?
Niretzat dagoeneko errutina bat da, nire bizitzaren parte da. Ez dut nire bizitza korrika egin gabe ikusten. Egunean pare bat ordu edo pasatzen ditut entrenatzen.
Baduzu erronkarik korrika munduan?
Uste dut nire buruari jarritako erronka guztiak bete ditudala: munduko txapelketa batean parte hartu dut, Europakoan ere bai… Gustatuko litzaidake senior mailan Europako txapelketan parte hartzea, baina ezinezkoa ikusten dut. Konpetentzia handia dago. Espainiakoetan lehenengo hogeietan geratzearekin nahikoa.
Eta denboraldi honetarako, baduzu helbururik?
Disfrutatzea baino ez.
Herrian jende askok ezagutzen zaitu korrika ibiltzeagatik.
Bai, askok zein ordutan entrenatzen dudan eta guzti kontrolatzen dute.
Korrika egiteaz gain, zerk osatzen du zure egunerokoa?
Niri gehien gustatzen zaidana kirola da. Oso gutxi ateratzen naiz poteoan-eta. Horrez gain, supermerkatu batean lan egiten dut. Eta Zerkin ere bai, haurrei eskola kirola ematen.
Krosean jende gutxi ibiltzen dela diozu. Zergatik gertatzen da hori?
Ni hasi nintzenetik, antzeko jendea gabiltza lasterketetan. Sakrifizio handia eskatzen duen kirol bat da, eta diziplinatua izatea. Ezer egin gabe ez dira ateratzen emaitzak.
Nolako lasterketak gustatzen zaizkizu gehien?
Lokatza dutenak eta aldapatsuak. Nire indargunea indarra da, ez abiadura. Ondorioz, hobeto moldatzen naiz horrelako lasterketetan. Elgoibarkoa gustatzen zait asko.
Eta oroitzapen berezia utzi dizun lasterketaren bat?
Keniakoa. Hemezortzi urterekin joan nintzen, munduko txapelketara. Oso gaizki pasa nuen: beroa, hezetasuna, ahultasuna… Baina oso esperientzia ona izan zen. Beste kultura bat ezagutzeko aukera izan nuen. Ikusleek ura eskatzen zidaten, izugarrizko beroa egiten baitzuen, eta eman egiten nien, nik edan beharrean.