Jaki erakargarriak eta edergailu deigarriak abenduko lehen feriako goiz hotzean, sagar, onddo eta ponsetia koloretsuak tartean.
Eguzkiak lainoa zulatu artekoa izan bazen ere, 10:30a artekoak hotzaren marka izan zuen. Hala ere, udazken honetan izaten ari garen eguraldiak aitzakirik ez. Azokako eskaparatea ere oparo dabil negu sarrera honetan ere. Atzo deigarria zen Aramako Arantxa Zurutuzaren mahaiko onddo kaxa, hiru kilo pasatxokoa. «Eleganteak» zirenekoa laster zabaldu zen lau haizetara. «Ingurukoak dira, nik dena dut etxekoa edo gertukoa» zioen Zurutuzak, abenduaren hasiera izateko arreta pizten baitzuten. Kiloa 35 euroan saltzen zuen.
Porruaren duintasuna
Salba Cuadrado Aldaba Zaharreko ekoizleak aspalditik zioen hemengo barazkiei garrantzia emateko ekimenak bultzatu behar direla. Porrua adibidetzat hartuta, hitzetik ekitera pasatu da: «Miresten dudan barazkietako bat da, goxoa, ekarri erraza, gure lurrari ongi egokitua eta ia urte osoan izaten dena». Hala, D’elikatuz zentroak bultzatzen duen
12 hilabete 12 produktu ekimeneko sukaldea baliatu zuen atzo Salbak arrunta bezain gurea eta gozoa den produktua goraipatzeko. «Sinple eta erraz, egosi eta olio-ozpinekin gozatuz porru ogiarekin eskainiko ditugu» zioen. Porru ogia berak eskuz egiten du. «Porrua mila modutara presta daiteke, ogia egiteko ere erabili ohi dut eta oso gozoa da». Horrelako hamaika produktu eta errezeta baditugu, ea beste ekoizleren bat ere animatzen den.