Irailean aurkeztu zuen Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964) bere azken eleberria Alsina izenburupean. 40 urteko aldeaz ematen den bidaia bat da eleberriaren ardatza, aro jakinetan kokatuta.
Irailean aurkeztu zuen Xabier Mendiguren idazleak (Beasain, 1964)
Alsina, helduentzat idatzi duen bere azken eleberria,
Elkar argitaletxearekin batera. Durangoko Azokan, aurtengo nobedadeen artean saldu dute, eta laster, Beasaingo Liburu eta Disko Azokan ere aukeztuko du Mendigurenek berak. Azken lan horrek XX. mendeko bi aro ezberdinetan 40 urteko aldeaz gertatzen den istorio bikoitza kon- tatzen du. Fikzioa izanagatik ere, garaiko gertaera soziopolitikoen erreferentzia eta gogoetek osatzen dute istorioaren mamia.
XX. mendeko bi testuinguru ezberdinetan kokatu duzu istorioa. Zer kontatu nahi izan duzu eleberriaren bidez?
Eleberriak 40 urteko aldeaz ematen den joan-etorriko bidaia kontatzen du. Alde batetik, 1936ko gerratik zein Bigarren Mundu Gerran Frantziatik ihesi doan familia euskaldun baten istorioa kontatzen dut. Bestetik, 40 urte beranduago, 1980-81. urteetan, emakume batek itzulerako bidaia nola egiten duen kontatzen dut. Emakume hori, hain justu, lehen emigratu zutenen alaba da. Zehazki esateko, emakume horrek gurasoek joateko egin zuten bide berbera Euskal Herrira itzultzeko egiten du.
Bi garai ezberdin Alsina izenarekin lotu dituzu eleberrian.
Hori da. Lehen aroan,
Alsina itsasontzia erabiltzen dute euskaldunek AEBetara joateko. Bigarren aroan, berriz, Euskal Herrira itzultzen den emakumearen izena da Alsina.
Istorio bat kontatzeaz gain, garaiko testuinguru sozial-politikoa ere islatzen duzu.
Halaxe da. Familia euskalduna hain zuzen, 1936ko gerratik eta Bigarren Mundu Gerran naziek Frantzian egiten duten inbasiotik ihesean kokatzen ditut. 1980ko hamarkadaren hasieran kontatzen den Alsina alabaren itzulera, berriz, Euskal Herriko trantsizio politikoaren garaiarekin lotzen saiatu naiz.
Helduentzat idatzi dituzun eleberrietan sarritan jorratu izan dituzu gai soziopolitikoak. Zer bizipen edo sentimendu sortu nahi izan dizkiozu irakurleari?
Idazterakoan jarri dudan helburua irakurleak ongi pasatzea izan da, hau da, literatur lan on batekin entretenitzea. Horretarako errekurtso gisa hizkuntzaren edertasuna eta istorioaren bizitasuna erabiltzen ahalegindu naiz. Eta esandakoaz gain, eleberriak gogoeta egiteko ere balioko balu, oraindik eta hobeto!
Egia esan, eleberri honen kasuan, Euskal Herriko historia garaikideaz gogoeta egin daitekeela esango nuke, bereziki trantsizioaren arotik hona pasatako gertakariei buruz.
Atal edo pasarte jakinetan antzemango da asmo hori, ezta?
Bai, adibidez, hain zuzen hainbat gertakariren inguruan bi pertsonaiek daukaten elkarrizketa luzea horren erakusle izango litzateke. Elkarrizketa horren bidez, gaur egungo egoerara nola iritsi garen hausnartzen dut. Eta zentzu horretan, pertsonaien gogoeten bidez, irakurleek ere gaiari buruz hausnar dezatela gustatuko litzaidake.
Zenbat denbora behar izan duzu eleberria garatzeko?
Ia 20 urte dauzkan liburua da, eta beraz, orain arte egin ditudan lanen artean prozesurik luzeenekoa izan da. Urte hauetan zehar, epe jakinetan joan naiz ideia berriak sortzen eta garatzen. Idatzi ahala, gainera, aztertzen ari nintzen garaietako dokumentazioa bilatu eta analizatzen ere ibili naiz.
Nolakoa izan da bilakaera ?
Esate baterako, 1997. urte inguruan, puska handi bat idatzi nuen. Izan nituen arazo tekniko batzuk zirela eta, ordea, idazteari utzi nion. Duela zortzi urte inguru ordea, nobela borobiltzeko ideia eta trama berriak bururatu zitzaizkidan, eta berriz idazteari ekin nion. Hala ere, ez nintzen emaitzarekin konforme gelditu.
Azkenik, iaz, nire buruari esan nion istorioarekin zirt edo zart egin behar nuela. Argitaletxe-koekin kontsultatu ostean, errematatu eta argitaratzeko erabakia hartu nuen.
Idazterako garaian zailtasun nabarmenik izan al duzu?
Lan idatzia egiteko ez dut zailtasunik izan. Egia esateko, eleberriko bi denbora tarteak garatu ahala, bi adarretako batean asko kontatzen ari nintzela jabetu nintzen, beste adarrean, berriz, gutxiegi neukala konturatuta. Horrela, beraz, bi kontakizunen arteko oreka aurkitu beharra izan dut.
Liburua ofizialki duela bi hilabete inguru argitaratu zenuten. Jaso al duzu irakurleen iritzi edo kritikarik?
Tarteka ezagun edo lagunek idazten didate irakurri dutela eta gustatu zaiela esanez. Orohar kritika edo balorazio positiboak jaso izan ditut.
Zure idazle ibilbidea aintzat hartuta, batez ere haur eta gazteen literaturara bideratutako lanak egin dituzu. Hala ere, zure ibilbidean hainbat arlo landu dituzu. Zeinetan sentitzen zara erosoen?
Nik uste dut gehienbat ipuinen idazlea naizela, batik bat «ipuin» gisa definitzen den hori landu dudalako. Eta horien artean berezkoena ipuin luzeak idaztea dudala esango nuke. Hau da, beste modu batera esanda, bereziki ipuinaren eta eleberriaren tartean koka daitezkeeen istorioak idazten ikusten dut nire burua. Azken finean, ordea, boladak izaten ditut, eta garai bakoitzean sentitzen dudanaren arabera jokatzen dut. Bolada bakoitzaren arabera, haurrentzako edo helduentzako zerbait idazteko gogoa etorriko balitzait, dagokion genero horretako istorioa lantzen hasi ohi naiz.
Hortaz, momentuaren arabera erabakitzen duzu zer eta nola idatzi, ezta?
Hala jokatzen ahalegintzen naiz. Nire ustez, gogoa. ideiak eta inspirazioa etorriz gero edozer gara daiteke. Ez dut izaten aldez aurreko plangintzarik, eta unean-unean bizi edo sentitzen dudan gogoaren zein aldartearen arabera bideratu ohi dut nire idazteko jarduna.
Etorkizun hurbilera begira ba al duzu proiektu berriren bat esku artean?
Ipuin batzuk jada idatzita dauzkat, baina ez liburu bat osatzeko beste. Gehiago sortuko balira edo bururatuko balitzaizkit, beharbada liburua ere etorriko da.
Nola ikusten duzu gaur egungo euskarazko literaturaren egoera? Zer hausnarketa egingo zenuke?
Nik behintzat euskarazko literatura osasuntsu ikusten dut. Urtero lan kopuru politak ateratzen dira, eta euren kalitatea ere txukuna da. Horren erakusle da, esaterako, euskaraz ere hainbat genero eta adinei bideratutako liburu ugari aurkitzea.
Ziur aski denok nahi genuke ateratzen diren lanen kantitate eta kalitatea handiagoa izatea, baina nik uste dut ez daukagula kexatzeko motiborik. Hemen denetik egiten da, eta gure tamaina zein dimentsioa nolakoak diren jakinda, euskal literatura ez da inoren aurrean lotsatzeko modukoa.