Utopiaren magiarik gabe, gizartea hobetzeko aukerarik ez bada, normala da herritarrak konformista bihurtzea». Joseba Sarrionandiaren hitzak dira, Moroak gara behelaino artean liburutik ebatsitakoak. Idazleak utopiaren aldarria egin du zorroztasun ikar...
Utopiaren magiarik gabe, gizartea hobetzeko aukerarik ez bada, normala da herritarrak konformista bihurtzea». Joseba Sarrionandiaren hitzak dira,
Moroak gara behelaino artean liburutik ebatsitakoak. Idazleak utopiaren aldarria egin du zorroztasun ikaragarriz arakatu duen boterearen gramatikaz, logikaz eta erretorikaz mintzo den lan mardulean.
Aste honetan Joseba Sarrionandia, berriro ere, hizpidera ekartzea ez dago sobera, Independentistak sareak Durangon egindako manifestazioaren harira. Abenduaren 6an, Euskal Liburu eta Disko Azokaren eszenatokian, hainbat lagunek «Euskal Estatu demokratiko eta soziala» babestu dute; hori baita, euren ustez, «gure etorkizunerako alternatibarik onena eta errealena».
Gisako baieztapenekin, ordea, ez al dute dagoena halabeharrezkoarekin konfunditzen, naturarekin ia? Sarrik bere liburuan sakontzen du ideia horren eta beste askoren inguruan, esaterako, estatuaren eta herritarren arteko harremanetan. Bera ez baita estatuzalea, ezta euskal deitura jarrita ere: «Egitasmo ederra da euskalduntasuna estatuaren ideiatik erabat apartatzea, biolentziaren eta boterearen monopolioa gizon zuriari utzirik», utzi du idatzita. Zergatik, baina, ez dute oihartzunik, euskaldunon artean, Sarriren ideia hauek?
Izan ere, independentismoaren alorretik ziurtzat jotzen da euskaldunok, independentziaren alde bagaude, estatu bat nahi dugula, ez dagoela besterik. Gure Esku Dagok ere egindako galdeketetan erabakitzeko eskubidea euskal estatuarekin lotu du behin eta berriro, derrigor elkarrekin joan behar balute bezala.
Bada, alabaina, bestela pentsatzen duenik eta Durangoko Azokara eta literatura itzuliz, beste hainbat euskal idazlek zalantzan jarri izan dute estatuaren beharra, esaterako, Itziar Madinak, Asel Luzarragak, Pablo Sastrek… Badirudi, edonola ere, idazleon ideiak liburuetan soilik geratu direla, euskaldunon artean sustrairik bota gabe, beste baieztapen batzuen mesedetan.
Independentistak sarearen arabera, «aitortzen den burujabetza homologatu bakarra estatu izatearena da». Homologatu hitzak Harluxet hiztegi entziklopedikoan dituen sarrera guztiak irakurri ondoren, bat bera ere ez zait gustatu independentzia nahi duen borondate kolektibo bati erantzuteko.
Nire iritziz, euskal estatua ez da izango aldaketa agente bat, ez behinik behin, euskara salbatu, matxismoarekin bukatu eta ustelkeriari amaiera emango diona, estatuzaleek esan izan duten bezala. Estatu oro baita zapaltzaile. Beraz, ezin da izan abiapuntua, norbanakoen eta gizartearen askatasuna lortzeko bidean. Ez abiapuntu, ez bitarteko; are gutxiago, helburu. Hori da pentsatzen dudana.
Ahotsa altxatzen dut: euskalduna naiz eta ez dut euskal estaturik nahi. Ez dut euskal estatu bateko moro izan nahi. Hain justu, moro izan beharrik ez dagoelako. Sarri, berriro ere.