Labetik atera berria da Iker Markinez (Beasain, 1974) sukaldariaren lehenengo liburua: 'Euskal sukaldaritza praktikoa'. Gaur aurkeztuko du Mirentxu liburu dendan, 19:00etan.
Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak bere lehenengo liburua argitaratu du Ttarttalo argitaletxearekin;
Euskal sukaldaritza praktikoa errezeta liburuaren oinarrian, azken zortzi urteotan
Berria egunkarian argitaratu dituen errezetak daude. 16 euroan eros daiteke.
Nola deskribatuko zenuke Euskal sukaldaritza praktikoa liburua?
Euskaraz pentsatu, sentitu eta idatzitako sukaldari baten errezeta liburua da. 126 errezeta ditu, sei ataletan banatuta: entsaladak, barazkiak, pastak eta arrozak, arrainak, haragiak eta postreak daude.
Praktikoa zergatik da?
Edozein errezeta hartzen dela ere, oso eskura dauzkagun osagaiekin egindako errezetak direlako. Horrek praktikotasuna ematen dio.
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu duzu.
Nik euskaraz idatzi dut. Nahiz eta sukaldari askok euskaraz hitz egin, askok gaztelaniaz idazten du, eta gero euskaratu egiten dute; baina galdu egiten da. Euskaraz idatziak eta euskaraz pentsatuak dira nire errezetak. Gaztelaniazko bertsioa ez dut irakurri baina ziur nago galdu egingo duela, ez da nirea izango. Oso euskara ulerkorrean idatzita dago. Produktuen hiztegia zaintzen dugu, baina idazteko era oso ulerkorra da. Euskara ulerkorrarekin eta osagai horiekin, praktikotasuna lortzen dut.
Eta irakurleak irakurritakoa praktikan jartzera bultzatu nahi dituzu?
Bai, praktikotasun horretatik praktikatzera bultzatu nahi ditut irakurleak. Liburu erabilgarria izatea nahi dugu. Hala ere praktikotasun horretan, niri gustatuko litzaidakeena da liburu honetatik irakurleek beraien errezetak osatzea. Argazkietan garbi irudikatu daiteke beste errezeta bat, osagaiak aldatuta. Praktikotasun hori bilatu dut, errezetak aldakorrak izan daitezen, erraz inprobisatzeko. Praktikotasun hori osagaietan ere zainduta dago.
Adibideren bat jar dezakezu?
Adibidez, atunik ez badut eta antxoak sartzea. Edo Idiazabal gazta,
cherry tomatea ziazerba, ahate urdaiazpiko eta ziza entsaladaren errezetan, ahate urdaiazpikoaren ordez kokotxa bat edo otarrainxka bat jar diezaiokegu. Ideiak ematen ditu argazkiak berak. Azken batean, nire sukaldatzeko era islatzen da; inprobisazioa eta jolasa. Errezeta bat oinarri hartuta, beste bat egiteko aukera ematen dut osagaiak aldatuta.
Liburua gaur aurkeztuko duzu Beasaingo Mirentxu liburu dendan.
Argi neukan liburua nire herriko betiko liburu dendan aurkeztuko nuela. Nire lekua hemen dago eta lehenengo hemen aurkeztuko dut. Igandean, Ataungo liburu azokan izango naiz, erdi ataundarra naizenez.
Lehenengoa eta azkenekoa izango al da liburua?
Ez da izango azkena; denborarekin beste estilo bateko zerbait idazteko gogoa badaukat.