Hondakinen Mahaiaren esperientzia errepikatu nahi izan omen da, baina nola gidoirik gabe hasi bada? Ze hondakinena eratu baino lehen prozedura osoa adostu zen. Orain ordea, udal gobernuak urtebete behar izan du mahaia deitzeko soilik, nahiz eta horretarako hiru pertsona liberatu izan, udaleko baliabide eta teknikari guztiak eskura, eta ez dago gidoirik?
Zertarako bilduko gara? Zer da erabakiko duguna, eta nola? Zein informazio iturri izango ditugu gaia aztertzeko? Eta lehenbizikoa behar lukeen galdera, nor bilduko da Mugikortasun Mahai horretan? Lehen bilera osteko komunikatuan badirudi, mugikortasun arazoak dituztenak, haurrak, adinekoak eta merkatariak aintzat hartuko omen direla, baina mahaiaren eraketan aipatu horietatik guztietatik merkatariak baino ez dira deituak izan. Non daude haurrak, guraso elkarteak, adineko pertsonak, mugikortasun arazoak dituztenak, Udal Agenda 21a, kalearen erabileraren genero ikuspegia? Bada egotekotan, mahaikideen gogoetetan, ze mahaira ez dira deituak izan.
Harrigarria! Aintzat hartuko zaituztegu, baina parte hartzera deitu ez. Dena herriarentzat, baina herririk gabe! Ze herritarren ordezkariak aukeratzeko zozketa ere ez zen publikoa izan.
Nola liteke egun berean ospatzen diren bi mahaitan, pertsona berbera mugikortasunekoan herritarren ordezkari izatetik, minutu batzuen bueltan hondakinenekoan alkatea eta zinegotzia ordezkatzen dituen EAJko Presidentean bilakatzea?
Nola liteke, Udalaren esku dagoen erakunde bateko langilea herritar gisan aukeratua izatea, eta ez dagoenean, bere ordezkoa ere erakunde bereko langilea izatea?
Nola liteke, Mugikortasun Mahaian merkatarien ordezkaritza bermatzen bada, aukeratutako herritarrak merkatariak ere izatea?
Mugikortasun Mahaiaren jardueran gardentasun absolutuarekin jokatuko dela irakurtzea arraroa bada, are eta zailagoa da sinistea, bere eraketan halakorik ez baita egon. Gidoia egon badagoelako, alegia udal gobernuak jadanik erabakita dituen ondorioak legitimatzea. Horregatik, hamaika arrazoi ditugu udal gobernuak bere interesen arabera deitu duen antolatzea esatea gehitxo litzateke- mahai horretan parte ez hartzeko, baldin eta prozedura serio eta sinesgarri bat planteatzen ez bada.
– Adur Ezenarro (Ordiziako EH Bilduren izenean)