Plazaolako haur parkean gaztelu bat jartzea erabaki dute boza eman dutenek
Gazteluaren ereduak irabazi du bozketa 2.005 punturekin. Bozketa Internet bidez eta Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda egin da. Bi bono zozkatu dituzte bozkatu dutenen arteanLegazpiarrek erabaki dute zein izango den Plazaolako haur parkean jarriko...
Gazteluaren ereduak irabazi du bozketa 2.005 punturekin. Bozketa Internet bidez eta Herritarrentzako Arreta Bulegora joanda egin da. Bi bono zozkatu dituzte bozkatu dutenen artean
Legazpiarrek erabaki dute zein izango den Plazaolako haur parkean jarriko duten jolas eredua. Gazteluak jaso ditu puntu gehien, 2.005 hain zuzen ere. Haurrek emandako iritzia eta gurasoek eman dutena bat etorri dira, haurrek 800 puntu eman diote gazteluari, 996 gurasoek eta herritarrek 209.Haurren eta helduen botoa bat etorri da bigarren eta hirugarren postuan ere. Botoa eman dutenentzat bigarren aukera dragoia izan da eta hirugarrena zoo-a. Horrenbestez, haurrei bakarrik galdetuta nahikoa izan zitekeela ondorioztatu dute Legazpiko Udalean.
Bozketa Herritarrentzako Arreta Bulegora (HAB) joanda zein Internetez egin ahal izan da; 14 boto jaso dituzte HABen eta 60 Internetez. Haurrek ikastetxeetan landu dute gaia eta haien bitartez eman dute botoa.
Gaztelua erabakitzeko arrazoiak ere xehatu dituzte: polita delako, zabu gehien dituena delako, osatuena delako (txirrista, sarea eta tunela ditu), gustatzen zaielako, duten adinerako egokia delako, handi zein txikientzat delako, dibertigarria delako, seme-alaben gustukoa delako eta altuena zein handiena delako. Aurreko arrazoi horiek guztiak botoa eman dutenek ezarritako ordena jarraitzen dute.
Haur parkearen erabilera handia denez eta, honezkero nahikoa hondatuta dagoela iritzita, udalak parkea eraldatzeko asmoari ekin dio. Parte hartze prozesuan espero baino boza gehiago jaso dituztela esan du Eric Galvez zinegotziak, «pozik gaude izan duen erantzunarekin». Lanak urtarrilaren amaieran hasteko asmoa dutela ere gehitu du Galvezek, «estalkitik hasiko gara». Behin estalkia eta Led argiteria berria ipinita, gaztelua jarriko dute. Estalkiaren aurrekontua 85.000 eurokoa da eta jokoena 15.000koa BEZik gabe. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dutela espero du Galvezek.
Bi erosketa bono
Boza eman duten legazpiarren artean 50 euroko bi erosketa bono zozkatu dituzte. Sariak eman dituzte jada. Haurren artean zozkatutako bonoa Maria Sanchezek jaso zuen eta herritarren artean zozkatutakoa Borja Ausinek. Eric Galvezek eman zizkien sariak.