La Salle eskubaloi taldea sortu zutela 50 urte betetzen dira denboraldi honetan. Legazpiko La Salle mutilen eskolako ikasle ohiek sortu zuten 1967an. Urteurrena ospatzen hasi dira.
Eskubaloia Legazpin erabat ezezaguna zenean hasi ziren. La Salle mutilen eskolan ibilitako ikasle ohi talde batek sortu zuen izen bereko eskubaloi taldea. Taldeak baino bi kuadrillek. Lagun artekoan sortutakoak 50 urte iraun du honezkero eta oraindik ere, harrobia ateratzen ari da Bikuña kiroldegiko kantxatik. Jokalari ohiak edota entrenatzaile ohiak edota zuzendaritza taldean egondako kide ohiak elkartuta, guztiek taldearen muina familia giroa dela aitortu dute. Urteurrena ospatzeko lantalde bat osatu dute.
Jose Mari Zubeldia taldearen sortzaileen artean aipatu dute Bikuña kiroldegian izandako solasaldian. Jose Inazio Rodrigezen izena ere gogoratu dute bi kuadrillen artean Legazpiko lehenengo eskubaloi taldea sortu zuelako. 17-18 urteko gazteek eskolan egiten zituzten entrenamenduak eta partidak Euskal Herria plazan, udaletxearen aurrean jokatzen zituzten.
Josetxo Maizek gogora ekarri duenez, «bigarren maila erregionalean sartu ginen zuzenean eta Gipuzkoan barrena ibiltzen ginen partidak jokatzen». Autobusez joaten ziren.
Entrenatzaile lanetan eta eskubaloiaren arauen irakasle izan zuten Jesus Luis anaia, La Salleko fraidea. Babesleak ere izan zituzten, lehen taldea La Salle Plasticos Mel izan zen. Maiz: «Beste entrenatzaile bat ere izan genuen, Migel Luis anaia, hura jokalaria eta entrenatzailea zen eta ikastetxe barruan eskubaloia irakasteari ekin, eta taldeak ateratzen hasi ziren».
Bederatzi talde
Gaur-gaurkoz La Salle eskubaloi taldeak bederatzi talde ditu federatuta eta eskubaloi eskola ere badu. Guztira 135 lagun inguru daude federatuta eta 40 bat eskubaloi eskolan. Manolo Mugertza da egungo zuzendaritzako kidea eta entrenatzailea, berak eman ditu kopuruak. «Legazpin eskubaloiak sekulako indarra dauka. Orain bi urte beterano senior talde bat sortu genuen, jarraipena eman ahal zaiola erakusteko, lortu genuen eta hau bigarren denboraldia dute jada», dio Mugerzak. Helburu gisa jarri zuten maila guztietan gutxienez talde bana edukitzea, hala nesketan nola mutiletan. «Mutiletan gutxi asko beti izan ditugu taldeak, nesketan hutsune gehiago zegoen. Deialdi bat egin genuen eta erantzuna sekulakoa izan zen nesken aldetik». Mugertzak nesken eskubaloiak Legazpin duen indarrari azpimarra berezia egin dio.
Entrenatzaileei dagokienez, urte osorako konpromisoa hartuko duten entrenatzaileak aurkitzea ez dela lan erraza eta, Mugertzak dioenez, «gurasoetatik tiratzen dugu, hasieran ez ginen gurasoek euren seme-alabak entrenatzearen aldekoak, baina halabeharrez hala moldatzen ari gara».
Entrenatzaile lanetan aritzeko titulua behar da, «orain denerako behar da», gehitu du Mugertzak eta urteetan entrenatzaile izandako beteranoek, Ernesto Gamiz esaterako, eurek inolako titulurik gabe entrenatzen zutela gogoratu dute. Gamizek Alejandro Isasa entrenatu zuen eta Isasak barre artean dioenez, «moztu bidea arerioari, ez utzi pasatzen, behin eta berriro esaten zidan». Tituluak lortze aldera, La Sallekoek entrenatzaile ikastaroak Legazpira ekarri dituzte bertakoek eskuratzeko erraztasunak izan ditzaten.
Liburu bat
Aste honetan bi eskubaloi partida antolatu dituzte ligan geldialdia egin dutela baliatuta. Bihar La Salleko Lau Bide jatetxea senior mutilek Super Amara Bera-Berako nesken kontra jokatuko dute Bikuñan 19:00etan. Urtarrilaren 7an beteranoen partida bat antolatu dute eta 80 lagunek eman dute jada izena. Ondoren, afaria egingo dute. Urtarrilaren 25ean Bada Huesca taldeak Villere talde frantsesaren kontra jokatuko dute; Huescako taldeak Asobal ligan jokatzen du eta Mikel Mugertza eskubaloi jokalari legazpiarraren bitartez lotu dute partida.
Argazki zahar asko eta asko galdu dituzte, harri azpietan ere bilatu dituzte, baina ez dituzte topatu. 25. urteurrena ospatu zutenean bildu, erakutsi eta galdu zituzten. Edonola ere, geratzen direnak jaso nahi dituzte eta Josetxo Elkorobarrutiak La Salle Legazpiko eskubaloi taldearen liburua idatziko du.