Hogei urte daramatza Amaia Ferrok (Beasain, 1969) Gipuzkoako Bazkundean. Enpresei nazioartera zabaltzen laguntzea da bere lana, merkatua hedatzeko eta lehiakortasuna handitzeko.
Amaia Ferro beasaindarra aditua da enpresen nazioartekotzean. Hogei urte daramatza Gipuzkoako Bazkundean, eta Enpresa Garapen eta Nazioartekotzeko Zuzendaria da. Gipuzkoako enpresa txiki zein handiei beren merkatua zabaltzen laguntzen die, hala produktuak esportatzeko nola beste herrialde batzuetan inbertsioak egiteko. Begiak eta belarriak uneoro erne izaten ditu, merkatuko gorabehera guztien berri izateko. Izan ere, etengabe aldatzen dira merkatuak. Azken aldian, Donald Trump AEBetako presidente berriaren protekzionismo nahiak ditu kezkatuta, Gipuzkoako enpresetan «eragin handia» izan dezakeelako. Goierriko industriari ere begiratu dio Ferrok, eta harro egoteko moduko industria dugula adierazi du.
Zer da Gipuzkoako Bazkundea, eta zein zerbitzu eskaintzen ditu?
Gipuzkoako Bazkundeak enpresei laguntzen die lehiakorragoak izaten. Hainbat alorretan eskaintzen du laguntza, besteak beste, beraien produktuak kanpora ateratzen.
Testuinguru horretan, zein da zehazki zure lana?
Bi alorren ardura dut: enpresen nazioartekotzea eta enpresen garapena. Biek merkatuarekin dute zerikusia. Gure departamentuan enpresei laguntzen saiatzen gara, beraien produktuak beste herrialde batzuetan merkaturatzeko. Enpresa oso txikia bada, diagnosi bat eta plangintza bat egiten dugu, eta gero nazioartekotzeko prozesua tutorizatzen dugu. Dagoeneko nazioarteko merkatuan sartu diren enpresa handiagoen kasuan, beraien merkatua dibertsifikatzen saiatzen gara; adibidez, Frantzian eta Alemanian saltzen badute, AEB Amerikako Estatu Batuetan sartzen laguntzen diegu. Zerbitzu oso desberdinak dauzkagu, bakoitzaren beharretara egokituta.
Enpresen nazioartekotzeaz ari zarenean, zertaz ari zara zehazki?
Nazioartekotzeaz ari gara enpresek beste herrialde batzuetara esportatzen badute, edota beste herrialde batean inbertsioren bat egiten badute, esaterako, han lantegi bat jartzeko. Guk bi kasuetan laguntzen diegu.
Zein ibilbide egin zenuen lanpostu horretara iritsi aurretik?
Donostian egin nituen ikasketak, eta Bartzelonan jarraitu nuen. Han, nazioarteko harremanei buruz sakondu nituen ikasketak, eta urtebete pasatxoz bertan lan egin nuen. Euskal Herrira bueltatu nintzenetik, Gipuzkoako Bazkundean egin dut lan. Dagoeneko hogei bat urte daramatzat. Hasieratik egon naiz nazioartekotzeko sailean, eta bederatzi-hamar urte daramatzat postu honetan.
Nazioartekotze prozesuak asko aldatuko ziren azken hogei urteetan ezta?
Bai, ikaragarri. Lehen, bidaia asko egiten genituen enpresariekin, merkatu berriak identifikatzeko, aurretik ia informaziorik izan gabe. Mundua ikusten genuen, munduan bertan. Bertara joan behar izaten ginen zer zegoen ezagutzeko. Gaur egun oso desberdina da. Bidaia bat egin aurretik informazio pila bat izaten dugu, kontaktuak eginda egoten dira… askoz gehiago aztertzen da pausoa eman aurretik. Duela hogei urte agian Vietnamera joaten ginen, aukerak ikustera. Komunikazioa ere asko aldatu da. Lehen faxa baino ez genuen izaten hemengo bulegoarekin komunikatzeko. Gaur egun, mugikorrarekin, Txinan zaude, eta aldi berean AEBetako enpresari batekin hitz egiten ari zara. Harremanak erraztu dira. Eta, noski, merkatuak ere aldatu dira.
Zein merkatutara saltzen dute Gipuzkoako enpresek? Zein dira azken aldiko joerak?
Lehenengo merkatua Frantzia da. Hori normala da, alboan dugulako. Esportazioen %20 joaten da bertara. Bigarren merkatua Alemania da. Bi horiek finkoak dira, eta hortik beherakoetan izaten dira aldaketak. Erresuma Batua, AEB… izan daitezke indartsuenak. Dena den, horiek aldatu egiten dira enpresa handiek egiten dituzten akordioen, esportazioen… arabera.
Zein da gaur egun duzuen erronka nagusia?
Erronka ugari izaten ditugu. Merkatu guztietan gaude, handietan nahiz txikietan: AEB, Mexiko, Txina, Errusia, Georgia, Azerbaijan, Ginea, Ghana, Boli Kosta… Urtero egiten dugu lana ahalik eta merkatu gehienetara iristeko. Hortaz, erronka ezberdinak ditugu merkatu bakoitzean. Begiak eta belarriak uneoro erne izan behar ditugu, merkatuko gorabehera guztiak antzemateko.
Globalizazioak ere izango zuen eragina nazioartekotzean.
Merkatuak oso konektatuta daude gaur egun. Merkatu batean gertatzen denak eragin handia izan dezake beste merkatu batzuetan. Politikak ere eragiten du, noski. Lehen merkatuen helburua irekitzea zen. Orain olatu protekzionistagoak zabaltzen hasi dira. Erne gaude ea zer gertatzen den AEBetan, Brasilen, Errusian… Eragin handia izan dezake guregan. Trumpen kasuan, esaterako, ez dakit zenbateraino babestuko duen hango merkatua. Munduan ez dago merkatu bakar bat ere autarkikoa denik, ezta Ipar Korea ere. Baina murriztu egingo du inportazioa, kanpainen eta legeen bidez, eta gure kezka da ea zein izango den paganoa.
Zein da nazioartekotzearen garrantzia?
Garrantzitsua da salmentak areagotzeko, merkatua dibertsifikatzeko… Baina arrazoi garrantzitsuena hauxe da: kanpoan gaudenean, gure produktuaz guztia ikasten dugu. Hemen bazaude, hemengo bezeroak eta hemengo konpetentzia ezagutzen dituzu. Munduan bazaude, zure produktua han nola produzitzen den ikasten duzu, han nola erabiltzen dute erosleek… Eta produktua gero eta gehiago ezagutzeak aukera ematen dizu produktua hobetzeko.
Amaitzeko, nola ikusten duzu Goierriko industriaren egoera?
Goierri munduan kokatuta dago. Klusterizazio industrial oso inportantea dugu. Sektore batzuk oso punteroak dira. Ez enpresa traktoreak soilik, balio kate osoa dugu Goierrin. Eta hori potentzial handia da. Munduko leku gutxitan dago aukera hori. Gertatzen dena da askotan zaila egiten zaigula hori balorean jarri eta kanporatzea. Dena daukagu: unibertsitatea, I+D… Hori potentziatu egin behar da, eta harro egon behar dugu.