Hipoteka zoruak kaltetutakoen talde bat bada Goierrin, 60 bat kidez osatuta. Talde honetako epaiketak urtarrilean hasiko dituzte eta urte guztian zehar luzatuko dira
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak San Tomas egunean jakinarazi zuen zoru klausulen inguruko aferan hartutako azken erabakia. Ebazpen horren arabera, zoru klausulen ondorioz jasotako diru guztia itzuli beharko diete banketxeek kaltetuei, eta ez soilik 2013ko maiatzaz geroztik aurrerakoa. Orduko hartan, Espainiako Auzitegi Gorenak zoru klausula gehienak abusuzkoak zirela ebatzi zuen, eta ondorioz epaiaren ondoren, bezeroek ordaindu zizkieten gainkostuak itzultzera behartu zituen bankuak. Luxenburgoko auzitegia harago joan da, eta atzerako eragina mugatzea Europar Batasuneko araudien aurkakoa dela iritzita, bankuek kobratutako guztia itzuli beharko dutela ondorioztatu du.
Hipoteka zoruak kaltetutako talde bat bada Goierrin. Gaur egun, 60 bat kidez osatutako taldea da, gehien-gehienak Urretxukoak eta Zumarragakoak, badago legazpiarren bat eta ordiziarren bat ere, baita Bergara, Iruña eta Gasteizkorik. Taldeko kideetako batek esan duenez, «pozik» hartu dute albistea, ezustean izan bada ere. «Guretzat oso albiste ona izan da, hasieran eskatzen genuena baino gehiago kobratuko dugu azkenean», dio.
Talde horretako kide guztiek Rural Kutxarekin sinatu zituzten hipotekak. Hasiera-hasieratik salatu dute, sinatutako hipotekan zoru klausularen gaineko zehaztapena egiten bazen ere, beraiei ez zietela haren inguruko ezer aipatu.
Kaltetuei beheko zoruak eragin die, izan ere, euriborrak behera egin duenean, euribor + %2,75 edo +%2,25 zorutik ez dira jaitsi. Hilero bankuari itzuli beharreko zenbatekoan «100 eta 150 euro inguruko» gainkarga suposatu die bataz beste gehientsuenei.
Epaiketak egingo dituzte
Hipoteka zoruak kaltetutako taldeak salaketa jarri zuen iaz Rural Kutxaren aurka. Taldekako salaketa ez zuen onartu epaitegiak bankuak hala eskatuta, eta «banaka aurkeztu behar izan ditugu salaketak taldeko kide guztiek», azaldu du. Urtarrilean dira hastekoak lehendabiziko epaiketak, «beste batzuk oraindik epaiketa aurreko bista» egin gabe dute oraindik.
Ignacio Ferrer-Bonsos taldeko abokatuak esan duenez, epaiketek aurreikusitako bidea jarraituko dute. «Epaiketak egin egin beharko dira, eta epaileek Europatik ezarritako ebazpena onartu beharko dute». Europak erabakitakoa loteslea da, eta Espainiako auzitegiak epaia onartzera behartuta daude. Bankuek, kasu honetan Rural Kutxak, ez du, gainera helegitea aurkezterik izango, «Europatik datozen ebazpenak irmoak eta bete beharrekoak» direlako, abokatuak argitu duenez.
Urtarrilean hasiko dituzte goierritarrak barne dauden taldeko epaiketak, eta «urte amaierara arte» luzatuko direla aurreikusi du abokatuak. Zoru klausulak kaltetutako guztiek dute erreklamazioa egiteko eskubidea, «baina horretarako derrigorrezkoa da epaitegian salaketa jarri» eta prozedurarekin hastea. Oraindik inongo pausurik eman ez, eta taldera atxiki nahi duten kaltetuek zabalik dituzte ateak oraindik; 948 21 24 14 telefonora deitu dezakete horretarako.
Goiko eta beheko mugak
Aurretik banketxeekin akordio jakinetara iritsi diren, edo kasuaren gaineko epaiketa burututa duten kaltetu horiek, ezingo dute orain Luxenburgok ebatzitakora atxiki, Ferrer-Bonsos abokatuak jakinarazi duenez.
Hipoteka zoruak kaltetuko taldeko kideak dio urtetako borroka izan dela beraiena: «Hasieran klausula kentzearekin bakarrik konforme geundela jakinarazi genion Rural Kutxari, dirua itzultzea ere ez genion eskatu. Baina negoziatzeko jarrerarik ez zutela ikusita epaitegien bidea hartu genuen», esan du. «Badakit bankuek eta kutxek dirua irabazi behar dutela, baina azken urteotan urrunegi joan dira», ondorioztatu du.