Gurutze auzunea berritzen hasiko da 2017an, baina oraingoz ez du inbertsio partidarik finkatu. Mantenua, ekonomia, agenda eta etorkizunerako ildoen garapena dira ardatz
Lazkaoko Udalarentzat 6.998.565 euroko aurrekontua onartu zuen Udalbatzak, abenduaren 20ko osoko bilkuran. EAJren 7 zinegotziek alde bozkatu zuten, eta EH Bilduren 5ek (bat falta zen) aurka. Horrez gain, Lazkao Lantzen SA udal enpresak 667.152 euroko aurrekontu propioa izango du, inbertsioetarako 40.000 euro gordeta eta sarreretan etxe salmentatik etor litezkeen 767.000 euro kontuan hartuta.
Udal aurrekontua iazkoa baino (7,2 milioi) zerbait txikiagoa da. Oinarrian, filosofia antzekoa aplikatu du EAJren udal gobernuak, 2017rako aurrekontu txostena egiterakoan: 2015-2019 agintaldirako markatutako kudeaketa planaren «ildo nagusiei» jarraitu die.
Udalak prentsa oharrean zehaztu duenez, lau zutaberen gainean lan egin nahi du aurten: «Mantenu aldetik ahalegin berezia egiten jarraitu nahi dugu, jarduera ekonomikoa sustatzeko bideak jorratu, agenda ahalik eta osatuena eta erakargarriena landu, eta aurrera begirako proiektuak garatu ahal izateko diru sailak egokitu dira».
Ekimen zehatzei begira, energia aurrezpenaren azterketa egin nahi du, baita «udal egiturarena» ere. Jarduera ekonomikoa sustatze aldera, enplegu plan bat diseinatu nahi du udalak, «enpleguan Lazkaoko egoeratik abiatuta». «Enplegu plana, langabezia aztertu ondoren, beharren arabera burutuko da», zehaztu du Felix Urkola alkateak. Herrian 206 langabetu erregistratu zeuden, azaro bukaeran.
Gurutzeren berrikuntza
Inbertsioen arloan, 2017rako lan garrantzitsuena Gurutze auzuneko urbanizazioa berritzeko lanekin «hastea» izango da. Oraingoz ez du partida berezirik jarri horretarako, ordea. «2017rako eta hurrengo urteetarako suposatuko duen lotura ekonomikoa kontuan izanda, oraingoz partidarik ez egokitzea zuzenago ikusi da. Diru egokitze horiek, aurrekontuak ahalbidetzen duen heinean, 2017ko ekitaldian zehar egingo lirateke», dio udalak.
Abenduan etxeetara banatutako udal buletinean aurreratu zituen udalak Gurutzerako asmoak. Berrikuntza lau alditan egingo da: erreka ingurua fase batean, Gurutze 1-2 dorreen esparrua bigarrenean, Gurutze 3-4 eta Gurutze 5-6. Denera, 3,2 milioi euro litzateke. Lurpeko garajeak egiteko sustapena ere burutuko du udalak, pribatuei saltzeko. Garajeen eraikuntzak 3,1 milioi euro hartuko luke.
Printzipioz, 2017ko aurrekontuan inbertsioetarako 31.000 euroko gastua aurreikusi du. Ohi bezala, gastu handienak ondasun eta zerbitzuetan (3,6 milioi) eta pertsonalean (1,3) dira.
EH Bilduren ezezkoa
Oposizioan, EH Bilduk hiruzpalau arrazoi eman zituen aurkako botoa argudiatzeko, «zehaztapen falta» eta euren ekarpenak kontuan ez hartzea leporatu ostean. Enplegu azterketa «urgentziazkoa» dela eta lan publikoaren alde jarduteko eskatu zuen; argiteria azterketa lehiaketa publiko bidez egiteko; festen aurtengo gastu «igoera handia» ikusita, kreditu aldaketa bidez aritu beharrean diru-saila igotzeko eta parte-hartzean oinarritzeko eskaerak ere egin zituen.