Legorretan hondakin bilketaren kontsulta onartu du Espainiak
Espainiako Gobernuak oniritzia eman dio Legorretan hondakin bilketari buruz udalak galdeketa antolatzeari eta gauzatzeari. Ostiralean, abenduak 30, onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak udalaren eskaera. Herrian zer bilketa sistema jarri, konts...
«Legorretako Udalak berme guztiekin egin ahal izango du hondakin sistemaren inguruko galdeketa», baloratu du udalak berak erabakia, Espainiako Gobernuaren webgunean ebazpena argitaratu eta berehala. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legearen baldintza guztiak bete direla gehitu du udalak.
Legorretako bi udal talde politikoek adostu zuten prozedura, agintaldiaren hasieran. Birziklapen tasak igotzeko bidean, nolako bilketa eredua jarri behar den adostu dute lantaldean, eta sistema horri galdeketan eman beharko diote aurrerabidea edo balazta herritarrek. Gaur egun %72ko bereizitako bilketa tasa dauka Legorretak.
Kontsulta noiz egingo den ez du zehaztu udalak. Horren berri «zehaztasun gehiago jakin ahala» emango du.
Galderari bai ala ez
Ministroen Kontseiluak onartutako galdera hauxe da: «Ados al zaude udaleko bi taldeek adostatutako hondakinen bilketa sistemarekin?». Bi erantzun posible eman ahalko dira: bai ala ez.
Bilketa modu berriaren xehetasun batzuk ere aurreratu dituzte: «ahalik eta gehien» bereiztea izango du helburu. «Gaikako bilketa, hondakin motaren araberako ontzien bidez egingo da».