Bihar, 19:30ean, Beasaingo Usurbe Antzokian egingo dute urteroko dantza ikuskizuna.
Ohi baino egun batzuk beranduago, baina Beasaingo Ostadar dantza taldeko kideek hutsik egin gabe prestatu dute urteroko Gabon inguruko dantza ikuskizuna. Bihar, 19:30ean izango da Usurbe Antzokian.
Dantzalaparta izenburupean «Euskal Herriko txoko desberdinetan aurki daitezkeen eta historikoki garrantzia izan duten» dantzak eskainiko dituzte adin desberdinetako Ostadarreko dantzariek. «Aurten bereziki, dantzen erritmoak markatzeko modu ezberdinak erakutsaraziko dira, eta musika instrumentu askok (hala nola, txalapartak) presentzia berezia izango dute», diote Ostadar taldeko dantzarien oharrak. Aurreratu dutenez, ohi bezala, hainbat abeslarik eta musikarik ere parte hartuko dute ikuskizunean.
Sarrerak salgai
Dantza saiorako sarrerak salgai daude dagoeneko Usurbe Antzokiko leihatilan, 5 euroan; egunean bertan ere erosteko aukera izango da.
Ostardar dantza taldeak emanaldira animatu nahi dituzte herritarrak.