Patxi Arangiz eta Beñat Goikoetxea lehengusuek bi harategi dituzte. San Tomas feriako txistorra lehiaketan bigarren saria lortu zuten eta kroketekin arrakasta handia izan dute.
Gazte ekintzaileak behar direla esaten dute eta Zegaman eta Idiazabalen badituzte bi: Oiarbide harategiko Patxi Arangiz Oiarbide eta Beñat Goikoetxea Oiarbide lehengusuak. Sakanakoak dira eta duela bi urte Zegaman harategia ireki zuten. Iaz, berriz, bigarren harategi bat ireki zuten Idiazabalen. Zegamarrak eta idiazabaldarrak oso gustura daude beraiekin. Ez da harritzekoa. Beraien txistorrak bigarren saria lortu zuen Donostiako San Tomas ferian eta kroketak zeresan handia ematen ari dira. Madrid Fusión sukaldaritza jardunaldietako lehiaketara aurkeztu behar zituzten, baina epea pasa zitzaien.
Arangizek 26 urte ditu. Mantentze lanetarako ikasketak egin zituen, baina harategietan lan egin du batez ere. Urdiain, Iruñea eta Gasteizko harategitan lan egin zuen Zegamara etorri aurretik. «Etxean beti behorrak eta behiak izan ditugu, baina abeltzaintza oso gaizki dago. Hori dela eta, harakin egitea erabaki nuen».
Goikoetxeak, berriz, 38 urte ditu. Administrari ikasketak egin zituen, baina berak ere harategietan lan egin du batez ere. «Animaliak asko gustatzen zaizkit eta Patxiren aita izan zen harakin lanetan hastera animatu ninduena. Agurainen hasi nintzen. Ondoren, Gasteizen eta Urdiainen lan egin nuen».
Nafarroatik Zegamara
Goikoetxea izan zen Zegamara etortzea proposatu zuena. «Lehengusuak Zegamako harategi bat itxi behar zela esan zidan. Etorri egin ginen, gustatu egin zitzaigun eta hartu egin genuen», azaldu du Arangizek.
Egun ez da batere erraza negozio bat aurrera ateratzea. Ekintzailea, berritzailea eta ausarta izan behar da eta bi lehengusu hauek ez dira geldirik egotekoak. Hala, beraien harategiak zenbait bereizgarri ditu. Etxarriko hiltegian hiltzen duten etxeko ganadua saltzen dute, adibidez. Etxeko ganaduarekin nahikoa ez denez, Zegamako baserrietakoa ere saltzen dute. «Gertuko haragia saltzen dugu eta bezeroek asko eskertzen dute hori. Jan behar duten haragia zein baserritakoa den jakitea gustatzen zaie».
Sakanakoak izanik, txistorrak ere saltzen dituzte, noski. Beraiek egindakoak, gainera. Donostiako San Tomas egunean bigarren saria lortu zuten. Harrezkero, txistor salmentak gora egin du. «Egia esan, orain arte oso lehiaketa gutxitan parte hartu dugu. Urtarrila amaieran Euskal Herriko txorizo lehiaketan parte hartuko dugu, Mungian».
Txistorrak Berrobiko eta Zumaiako txerrien haragiarekin eta arkume hestearekin egiten dituzte. «Plastikozko hestearekin ere egiten dira, baina lodiagoak dira eta txistorra ez da heste naturalarekin bezain ona gelditzen».
Kroketak ere egiten dituzte. Bi lehengusuen kroketek arrakasta handia izan dute, batez ere Idiazabalen. Izan ere, kroketetako bat Idiazabal gaztarekin egiten dute. Urdaiazpikoarekin eta onddoekin ere egiten dituzte. «Etxeko kroketak dira eta halakoak egitea asko kostatzen denez, jendeak gustura erosten ditu».
Tripakiak ere bai
Tripakiak egiteko asmoa ere badute. «Goierrin tripakiek tradizio handia dute eta guk ere tripakiak egitea erabaki dugu. Etxekoekin dastaketak egin ondoren, denon gustukoa den errezeta lortu dugu». Aurrez prestatutako jakiak egiteko hartu zuten, hain zuzen ere, Idiazabalgo harategia. Izan ere, Zegaman txistorrak eta txorizoak bakarrik egin ditzakete. Gainera, Idiazabalen labea jarri dute haragia erretzeko.
Ikusten denez, lanerako gogorik ez zaie falta. «Geroz eta harakin gutxiago gaude. Izan ere, garai batean baino haragi gutxiago kontsumitzen da. Aurrez prestatutako jakiek arrakasta handia dute eta gu ere mundu horretan murgildu gara. Baserriak bizirik mantentzea nahi bada, gurea bezalako tokietan erosi behar da».