Aralar babestu dezagun
– Andu Martinez de Rituerto (Tolosan bizi den lazkaotarra)
Zuetako askok jakingo duzuen bezala, Araralarren pista berriak egiten hasi dira eta proiektuak Aralarko bihotza diren Alotza eta Arritzagako bailarak pistaz gurutzatzea aurreikusten du.
Aralar parke naturala eta Europako batasunaren babes bereziko eremua da eta bere gainean errespetatu beharreko arautegi luze eta zabala idatzia dago. Garrantzizkoa izanik ere ez dut lege eta araudien gaia aztertuko, fiskaltzak berandu baino lehen egingo duela espero dut.
Ezagutzen dugun Aralarko paisaia artzaintzari zor diogu, egun larreak dauden tokian orain dela milaka urte basoak zeuden. Sinistuta nago artzaintza mantendu eta lagundu behar dugula, beti ere Aralarko oreka zainduz. Pistak egin nahi dituzten eremua Gipuzkoan eta Euskal Herrian pistarik gabe gelditzen zaigun eremu bakarretakoa da, eta nire ustez, Aralarren egin dira egin beharreko pista guztiak. Pista gehiago eginez gero natura eta artzaintza tradizionalaren arteko oreka galdu egingo da.
Aralar ez da herrietako ohiko landa eremua. Baserriak, larre eta baso pribatuak haranean behera gelditzen dira. Aralar, Mankomunitateko 15 herrietako biztanle guztiena da. Urteetan artzainek eta ganaduzalek larre horiek erabili dituzte bere lanbidea aurrera ateratzeko, eta hori primeran iruditzen zaigu denoi. Aralar beti egon da herrietatik aparte baino azken hamarkadetan bertaraino gerturatzea asko erraztu da, Nafarroa zein Gipuzkoatik ia 1000 metroetaraino kotxez erraz iritsi zaitezke. Pista hauek guztiak egon arren inorrek ez du zalantzan jarriko Aralarren artzantza ogibide gogorra ez denik.
Pisten obrak bertan behera utzi eta azterketa serio eta sakona egiteko unea da. Galdera hauen erantzuna jakitea lehentasunezkoa iruditzen zait: Zenbat artzain eta abeltzain daude Aralarren? Zenbatek du artzaintza ogibide bakarra edo nagusia? Zein baldintzetan daude erabiltzen dituzten bordak? Zenbat ardi, behor eta behi daude? Aralarko larreak zenbat animali jasateko gai dira? Nolakoa da Aralarko ekosistema ezberdinen (larreak, basoak, akuiferoak…) osasuna? Zer egin dezakegu artzain eta ganaduzaleen bizi baldintzak hobetzeko Aralarko ondare natural eta arkeologikoa, eta paisaia kaltetu gabe (diru laguntzak handitu, bere produktuen merkaturatzea erraztu, irisgarritasuna lehuntzeko inpakto ekolojikorik gabeko neurriak aztertu…)?.
Eta bada denon artean erantzun beharreko nahitaezko galdera. Zer nolako Aralar nahi dugu gure ondorengoentzat?
Ez nago artzainen kontra, proiektu honen kontra baizik. Pisten kontra gaudenontzat emozionalki gogorra suertatzen ari zaigu gure jarrera publikoki defendatzea. Gehienon kasuan familiarteko edo lagunak tartean daudelako. Nire kasuan, zenbait aspaldiko ikasle eta egungo ikasleen senideak eta zinez diot estimatzen ditudala eta hoberena desio diedala.
– Andu Martinez de Rituerto (Tolosan bizi den lazkaotarra)