Egoskorra izango da, baina...
Astoa kalerik kale, astoa plazan, astoa antzerkietan. Astoa, baita elizan ere. Lazkaon, beste urte batez, animalia horri dioten mirespena eta maitasuna agertu diote, Astotxo egun jendetsuan.Nahi ez duena edo nahi ez duenean ez egiteko fama du astoak. K...
Astoa kalerik kale, astoa plazan, astoa antzerkietan. Astoa, baita elizan ere. Lazkaon, beste urte batez, animalia horri dioten mirespena eta maitasuna agertu diote, Astotxo egun jendetsuan.
Nahi ez duena edo nahi ez duenean ez egiteko fama du astoak. Kaskagogorrarena. Baina baita langile nekaezinarena ere. Pertsonaren dohain horiek egozten zaizkiolako agian, miresmen berezia sortzen du as-toak. Igandean garbi geratu zen hori Lazkaon, abere horren bueltan osatu zuten-eta, beste urtebetez, Astotxo Eguna.Ikusteko ere atsegina, polita da astoa. Enkarterri arraza autoktonoaren biziraupenaz arduratzen diren elkarteek, astoza-leek eta baserritarrek lan eskerga egin dute azken urte mordo batean. Erakusgarritarako, Laz-kaon jokatu zen Gipuzkoako 18. Enkarterri Astoaren Lehiaketa. 66 asto aurkeztu zituzten: emeak 51 eta arrak 15.
Bosna finalista bereizi zituzten albaitariek. Emeetan batez ere, lehia estua izan zen, eta finalaurreko modura, bi apartatu zituzten bosten artetik: Marigorri eta Lola. Azkenean, Gema Arratibel andoaindarraren Lola izendatu zuten Gipuzkoako asto eme onena. Arretan, aukeraketa «samuarragoa» izan zuten: Luzio Jauregi amasarraren Kaxpar da asto ar dotoreena, urtebeterako.
Garaileek 300na euro, garaikurra eta zintzarria jaso dute. Kalifikazio ofizialak ere eman zituzten, goizean. Asto emeak 11 buru ekarri zituzten enkarterri karnetaren bila, eta denek lortu zuten. Arretan bakarra, baina hari ez zioten eman; txiki samarra izan, eta gutxieneko altuerara ez zen ailegatzen.
Kale antzezpena
Asto lehiaketa bukatzear zela, Lazkao Txiki Zelaian haurren Astotxo Txikia desfilea hasi zen. 120 bat neska-mutikok irudikatu zuten, jauregi paretik hasita, helduen pertsonaia saldoa: danborrariak, soldadu erromatarrak, Jesus haurraren familia astoan, eta agintarien multzoa.
Jarraian, Egiptorako ihesa antzezpena hasi zen, 30. aldia. Aurten «ekitaldi berezia» zela partaideentzat esan zuten, hasi aurretik. Antzerkian esatari lanak egiten zituen eta Zawopi taldearen sortzaileetakoa izandako Miren Ormazabal apirilean hil zen, eta lehen aldiz haren hutsunearekin egin zen: «Gure taldean erreferentzia izan da, bere nortasun, jarrera eta ikuspegiari esker. Bera joan zen, baina haren erakutsia guregan dago».
Herenegun, Jasone Urkolak egin zituen mikrofonotik off-eko kontakizunak. Antzerkian, Jesusen jaiotza, arriskuaren berri ematea, berriemailearen aldarrikapena eta Herodesen oldarraldia irudikatu zituzten. Datorren urtean 30. urteurrena beteko du Egiptorako ihesa-k.