Legazpiko Subeltza musikarien kolektiboan badago talde bat zeinak musikari beteranoak hartzen dituen. Latido dira; orain urtebete inguru taupada bakarrera bildu dira.
Zergatik Latido izena musika taldeari? «Taupadak egiteak duen zentzuagatik, hitzaren baitan musika noten izenak kabitzen direlako eta Sindo Mellado taldekideari bihotzak ustekabekoa eman ziolako», erantzun du Idoia Lasa Latidoko ahotsak eta letragileak. Lasarekin batera Sindo Mellado baxu jotzaileak, Javi Gaztañaga bateria jotzai-leak eta Jesus Hospital gitarra jotzaileak osatzen dute taldea.
Legazpiko Subeltza kolektiboko musikari beteranoenak dira. Mellado, esate baterako, 50 urtetan jotzen aritu da eta hamabi bat taldetan ibilitakoa da. Norbaitek Baron Rojo ere aipatu du, berak, lotsagorrituta, aspaldiko kontuak direla zioen bitartean. Melladoren biboteak eta orrazkerak, hala ere, badute garai bateko heavy ukitua. Latidori buruz hauxe dio: «Urte hauetan guztietan jo gabe egon naizen tarteak egon diren arren, aukera suertatu zaidanean bi aldiz pentsatu gabe itzuli naiz». Alaitasuna errondailako kidea ere bada.
Latido sortu aurretik autobus geraleku batean elkartu ziren behin baino gehiagotan eta zer edo zer egin behar zutela komentatzen zuten; halako batean ekin zioten. Mellado Bikuñako lokaletan ibiltzen zen, baina bere taldea desegin, eta han entseguak egiteko ezinbesteko baldintza taldean aritzea denez, talde premian zegoen. Behin hiru musikariak elkartuta entseguak egiten hasi ziren. Denbora pixka bat jotzen eman ostean, taldeko ahotsaren bila joan ziren. Hain zuzen, Idoia Lasaren ahotsaren bila joan ziren.
Olentzero eta CDa
Lasa Bardulians eta deSastres taldean kantatutakoa zen, Santikutz abesbatzan aritzen da eta idazteko harra barruan dauka. Lasari Latidoko kide izatea proposatu ziotenean baietza eman zuen. «Aurretik beste talde ba-tean kantatzeko aukera izan nuen, baina proposamen hura ez zitzaidan une egokienean iritsi eta ezetz esan nien, Latidokoei baietza eman, eta honezkero urtebete daramagu elkarrekin». 2015eko Gabonetan, baiezkoa eman eta gero, Olentzeroak mikrofono bat utzi zion Lasari taldeak Bikuñan daukan lokalean; ez dauka ahazteko. Azpimarra egin dio, baita ere, Subeltzako kideekin batera CD bat grabatzeko izan duten aukerari, aukera «itzela» izan dela dio, «horren denbora gutxi daraman talde batentzat ez da nolanahikoa grabatzeko parada izatea».
Latidoko kide bakoitza musikaren adar batetik dator. Heavy metala da akaso Hospitalen adarrik kuttunena, rithm&bluesa Lasaren ahots beltzarena. Edonola ere, guztiek rock&rolla daukate komunean eta guztiek musikarekiko zaletasuna daukate komunean. Hala dio Hospitalek: «Badago musika gustatzen zaion jendea eta badago musika bizi duen jendea. Gu bigarren taldekoak gara, guk musika bizi egiten dugu». Hospitalek 14 urterekin ikasi zuen gitarra jotzen eta orain Latidorekin buru-belarri ari da zaletasuna elikatzen. «Eszenatokiak faltan sumatu» dituela erantsi du.
Urtarrilean kontzertua
Javi Gaztañaga bateria utzita egon da tarte batez: «Nire ogibidean zentratuta ibili naiz, lan eta lan, halakoa naiz. Bitarte horretan ez dut jo. Orain lekua egin diot berriro». Josi y los Javis taldearekin bi CD atera zituen.
Mellado eta Gaztañaga asko ibiltzen dira lokalean. Latidoko kide guztiak astean bi aldiz elkartzen dira eta Hospitalek dioenez, «etxea teilatutik hasteko ohitura daukagu». Lehenengo abestiaren oinarria sortzen dute, gitarra elektrikoa gehitzen diote ondoren eta, azkenik, Idoia Lasak borobildu egiten du. Ingelesez eta gazteleraz kantatzen dute bizitzaz, emozioez, sentipenez, metafisikaz…
Gaztañagak entseguak egiteko tokia izatea «luxua» dela dio. Ez daukate ezer lortzea buruan, jotzea eta sortzea baizik. Urtarrilean Subeltza kolektiboko CDaren aurkezpen kontzertuan joko dute. Lehenengo kontzertua izango da jendaurrean.