Ataun Uema-ko kide bihurtuko da larunbatean, Larrabetzuko batzarrean
Bost herri sartuko dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, 82ko multzoa osatzeko. Ataun Goierriko 10. herria izango da, iaz Legorreta sartu ostean. Euskara erabilera jaisteak kezkatu dituAtaungo Udalbatzak azaroaren 3an egindako osoko bilkuran onart...
Bost herri sartuko dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, 82ko multzoa osatzeko. Ataun Goierriko 10. herria izango da, iaz Legorreta sartu ostean. Euskara erabilera jaisteak kezkatu ditu
Ataungo Udalbatzak azaroaren 3an egindako osoko bilkuran onartu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzea, aho batez, EH Bildu eta Herrigintza talde politikoen aldeko botuekin. Larunbat honetan iritsiko zaio ofizialki kide bihurtzeko txanda, Uemak Larrabetzun (Bizkaia) burutuko duen batzar nagusian emango diotelako sarbidea Atauni.Ataunekin batera, beste lau udalerri ere sartuko dira Ueman, atzo Larrabetzun bertan prentsaurrekoan jakinarazi zutenez. 2015-2019 agintaldian kide egin diren udaletako ordezkariak eta orain sartuko direnetakoak elkartu ziren. Tartean ziren Legorretako alkate Zelai Amenabarro —2016an egin ziren kide— eta Ataungo Kultura eta Euskara zinegotzi Karmele Aierbe.
Larunbateko batzar nagusian, mankomunitatearen urteko berriak eta asmoak jakinarazteaz gain, bost udalerri hauei egingo diete harrera: Ataun, Errezil, Mendaro, Areatza eta Larrabetzu. 12:00etan hasiko da batzarra, Larrabetzuko kultur etxean.
Erabilera jaistea, kezkagai
Ataungo Udalak kezka batean oinarritu du Uemako kide egiteko erabakia. «2011ko azterketa soziolinguistikoaren arabera, azken urteotan, nabarmen behera egin du euskararen erabilerak Ataunen. Horregatik, beheranzko joerari buelta emateko, Euskaraz biziz normalizazioari laguntzeko eta euskararen arnasgune izaerari eusteko, Uemako kide izateko erabakia hartu dugu», dio Ataungo Udalak.
Ataunek 1.674 biztanle dauzka, 2015eko erroldaren arabera. 2001etik gorantz egin du kopuruak, 120 gehiago. Horietatik euskaldunak %88,9 dira (2010eko datua). Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, berriz, ataundarren %73,6k erabiltzen dute euskara, 2011ko azterketa soziolinguistikoaren arabera.
Goierrin %60 euskaldunak
Ataun Ueman sartzen denean, Goierrik hamar herri izango ditu. Eskualdean 23 udalerri dira. Soziolinguistika Klusterrak egindako 1986-2011 arteko datu soziolinguistikoen bildumak erakusten du, euskaldun kopuruak 8 puntu egin zuela gora Goierrin: %60 ziren euskaldunak 2011n, eta %52 duela 25 urte.
Ia-euskaldunak %19 ziren, eta erdaldunak %21, 2011n Goierrin (1986an %14 eta 34). Lehen hizkuntza gaztelania dute %47k, ordea; euskara, %42k.