2017-01-19

EHUko errektore kargua hartu du Nekane Balluerkak

balluerka

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Nekane Balluerka, kargua hartzeko ekitaldian, gaur Ajuria Enean. // Argazkia: Mikel Arrazola

Nekane Balluerka ordiziarrak UPV-EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore kargua hartu gaur, Ajuria Enea jauregian. Ohiko formula erabiliz, aginte postua “unibertsitatearen zerbitzuetan eta legearen arabera, zintzo eta lehialki” erabiliko duela zin egin du. Bere hitzaldian, “etorkizunean herri gisa lehiatu ahal izateko, unibertsitate publiko sendoa eskatu du; horretarako, “autonomia, konfiantza eta babesa” eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Bere agintaldiak hiru ardatz izango dituela azaldu du Balluerkak:  internazionalizazioa, enpresa eta lan munduko eragileekin elkarlana, eta ikerketa sustatzea.

Kargu hartze ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburua eta Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria Jose María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorea, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitatekoa eta orain arte EHUko errektore kargua izan duen Iñaki Goirizelaia eta bere lantaldea.

Urkulluk, bere aldetik, unibertsitateak “bikaintasunaren bidean” egiten duen apustua eta “gazteriaren aukerak hobetzeko konpromisoa” nabarmendu ditu. Horrekin batera, espezializazioaren eta nazioartekotzearen kontzeptuak izan ditu hizpide. “Horiek dira unibertsitate-hezkuntzako eta politika zientifikoko geure ereduak duen arrakastaren gakoak”, gehitu du.

Utzi ekarpen bat

*

*