Azken urteotan, turismoa gora egiten ari da Goierrin estatistiken arabera eta bisitariak erakartzen jarraituko du Goiturrek. Fitur 2017n egongo da Goierri datorren astean
Goierriko 2017ko turismo egitasmoa aurkeztu du Goitur Goierriko Turismo Agentziak. Aurtengo erronka nagusia «Goierrin dugun turismo eskaintzaren sustapena egitea» izango dela esan du Niko Osinaldek, Goiturreko zuzendariak. Azken urteotako estatistikek diote «Goierrin turismoa gora egiten ari» dela, eta Goiturretik «bisitariak erakartzen jarraitzeko, bide beretik lanean jarraituko» dutela gehitu du.
2017rako, Goiturren egitas-moaren helburu nagusiak, natura eta gastronomiazko produktu turistikoak egonkortzea eta
Idiazabal Lurraldea eta
Basque Highlands ekimenak sendotzea da batetik. Produktu eta ekimen turistiko desberdinei egokitutako promozioa ugaltzea izango da beste helburuetako bat, errezeptibo eta erakunde desberdinekin elkarlanean eta Europako sare turistiko desberdinak baliatuz.
Helburuak lantzen
Goiturretik, helburuak lortzeko egingo dute lan. Besteak beste, «programa europearretan parte hartzea areagotzen ahaleginduko» dira, Eden programari esker; Your Eden Experience lantaldea eta Europeans Best Destinations eta Visit Europe sareetako partaide berri bezala, gainontzeko bazkideekin harremanetan egongo dira.
Artzaintza, sagardoa eta txakoliarekin erlazionaturiko eragile pribatuekin harremanetan egongo dira aholkularitza eskaintzeko helburuarekin beraiek eskatzen dutenean, hau da, bisitak antolatzeko orduan edo produktu eta pakete turistiko berriak sortzeko garaian. Horretaz gain, esperientzia gastronomikoak errezeptibo eta bidaia agentzien beharretara egokituko ditu Goiturrek, eskaintza turistiko erakargarriagoa egiteko. Bestalde, Basquetour lantzen ari den familia turismoa eta Touring egitasmoetan ere eskualdeko produktu turistiko gastronomikoak txertatuko dituzte.
Turismo aktiboko enpresekin batera jarduera berriak martxan jarriko dira, horretarako aukerak dituzten herrietan; bide batez, natur turismoan oinarrituriko moduloak ematen dituzten eskolekin harremanak egingo dira, eskualdeko interpretazio zentro desberdinetan praktikak egiteko aukerak eskainiz eta mitologiaren alorrean, Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteak Goierritik kanpo antolatzen dituzten ekitaldiak ere babestuko ditu.
Kabi agentziaren eskutik, berriz, Europa eta Ipar Ameriketako azoka espezializatuetara joatea ere aurrikusten du Goiturrek. Basque Highlands natur turismoaren eskaintzaren inguruan pakete turistiko berriak sortzen jarraituko dute gai horren inguruko estrategian sakontzeko helburuarekin.
Goierri Fitur 2017n
Goierri eskualdea, urtero bezela eta 21. aldiz jarraian, Madrilgo Fitur turismoaren nazioarteko azokan egongo da urtarrilaren 18tik 22ra, Euskadiko stand-aren barruan.
Aurten, Euskadi hiru sailetan banatu da; hiriburuak, touring-a eta gastronomia. Goierrik hiru produktu horien barruan du presentzia. Alde batetik, hiriburuen produktuaren barnean, Goierri, Donostia Turismoko bazkide izanik, beraien aukera turistikoaren barruan agertzen da. Touring-aren barruan, hau da, Euskadin barrena egin daitezkeen ibilbide eta bertako toki desberdinen informazioaren barruan, Goierriko jatetxe, ostatu, museo, baliabide eta produktu turistiko guztiak ezagutu ahal izango dira Goierri-Tolosaldea gida, Goierriko tarjetoia eta mapa turistikoaren bidez. Azkenik, gastronomiaren atalean,
Goierri gastronomika izeneko egitasmo osoaren informazioa agertzen da
Euskadi gastronomika gidan. Eskualdeko errekurtso eta produktu turistikoak bertan azaltzen dira.
Horretaz aparte, Euskadiko gida desberdinetan ere Goierriko produktu turistikoak nabarmentzen direla esan dute Goiturretik, baita Gipuzkoako gida orokorrean ere. Iaz Madrilen aurkeztutako
Basque Highlands mapa berria ere naturari buruzko mahaian egongo da eskuragarri, Euskadiko gainontzeko eskaintzarekin batera.
Errezeptibo eta komunikabide desberdinekin biltzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako agintari politikoekin ere elkartuko dira Goierriko Turismo Agentziakoak; Gainera, Turespaña eta Turismo Idazkaritzako arduradunekin ere bilduko dira , Eden sarea osatzen duten destino turistikoen promozioa areagotu eta Turespaña-ko webgunean Goierriren presentzia indartzeko asmoarekin.