Atzeman, antzutu eta askatu dira katuak kontrolatzeko moduaren ardatzak. Ikasleei azaldu nahi diete eta, bidez batez, boluntarioek osatutako elkartea ezagutzera eman nahi dute
Lau Katu elkarteko kideek Legazpiko eskoletan katuen koloniak kontrolatzeko metodoa zertan datzan azaltzera joateko asmoa daukate. Kalean dagoen katu kopurua kontrolatzeko metodoaz gain, elkarteko boluntarioek ikasleen artean animalien inguruko inkesta bat egin nahi dute. «Gure elkartearen izaera ezagutzera eman nahi dugu eta, ahal dela, boluntario gehiago lortu», dio boluntario batek.
Aurreko uztailean Legazpiko kaleetan dabiltzan katuen koloniak kontrolatzeko kanpaina abiarazi zuten Legazpiko Udalak eta Lau Katu elkarteko kideek. Kolonia batekin lanean aritu dira Aizkorri kalean, baina hala Fernando Agirre udaltzainburuak nola Lau Katuko boluntarioak pentsatu baino motelago doazela diote. Elkarteko kideak dioenez, «kolonia bat kudeatzea ez da soilik atzeman, antzutu eta askatu metodoa aplikatzea, katuak elikatu egin behar dira eta ingurua zaindu».
Hiruzpalau
Gaia gizarteratzea ezinbestekotzat jo dute Lau Katuko kideek, «oso zaila da ongi elikatutako katu bat harrapatzea, bizilagunek jatekorik ezin dietela eman argi izan behar dute». Bizilagunekin lanketa bat egiteko daukatela ere gaineratu dute.
Hiruzpalau katu antzutu dituzte jada. Kolonien kontrola gastua dela onartzen dute Lau Katukoek, «baina kontrol ezak gastu gehiago sortuko du».
Lan boluntarioa dela diote eta nahi beste egiteko astirik ez dutela diote Lau Katuko kideek, edonola ere, «gaia gizarteratzen hasi gara eta poliki-poliki arazo gisa ikustarazten ari gara, izan ere animaliok ez daude ongi eta kontrolik gabe ugalduz gero, gure ekosisteman desorekak sortu ditzakete».