Presoen egoera salatu eta Bilbora joateko deia egin dute Goierrin ere
Sentsibilitate ezberdinetako goierritarrek bat egin dute Sarek larunbaterako deitu duen manifestazioarekin. Presoen egoera eta espetxe politika salatu nahi dituzteGiza eskubideen errespetua, sakabanaketa politikarekin bukatzea eta bakegintzan eta elkar...
Sentsibilitate ezberdinetako goierritarrek bat egin dute Sarek larunbaterako deitu duen manifestazioarekin. Presoen egoera eta espetxe politika salatu nahi dituzte
Giza eskubideen errespetua, sakabanaketa politikarekin bukatzea eta bakegintzan eta elkarbizitzan urratsak ematea. Horiek dira Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak, Salatzen dut! kanpainaren barruan, larunbatean Bilbon egingo duen manifestazioaren helburu nagusiak. Deialdiak ehun eragile sozialen baina gehiagoren babesa jaso du, eta egunotan sustengu gehiago jasotzen ari dira.Atzo, Goierriko arlo eta sentsibilitate ezberdinetako hainbat lagunek bat egin zuten deialdiarekin, eta Bilboko manifestaziora joateko deia egin zuten. Beasainen egindako agerraldian, «ozen eta garbi» adierazi nahi izan dute «mendekuzkoa den eta preso dauden pertsonen nahiz beraien senideen eskubideen urratzaile garbia den espertxe politika» salatu eta bere aurrean altxatzen direla. Hala, «giza eskubide guztiak» errespetatzeko eskatu dute, baita «preso diren pertsonenak» ere. Bide horretan, «urrunketa politika, larriki gaixorik dauden presoen egoera eta zigorren batuketa eza», eskubide horiek errespetatzen ez direnaren seinale direla diote.
Euskal Herriaren egoera politikoarentzat konponbide bat ere eskatu dute, eta gogorarazi dute «ETAk aldebakartasunetik, bere bortxazko ekinbidea alboratzea erabaki zuenetik bost urte» igaro direla. Horregatik, gizarteari eta agintari politikoei «zauriak ixten lagun gaitzakeen elkarbizitzarantz» pausoak emateko eskatu diete, «konponbiderantz eta bakerantz aurrera» egiteko.
Euskal presoen kolektiboari «hogeita zortzi urtez urruntze politika» ezarri zaiela gogorarazi dute, eta «euskal jendeartearen gehiengo handi baten borondateari» entzungor egin diola Espainiako Gobernuak, baita senideen sufrimenduari bukaera emateko eskariari ere. Traba horiek guztiak gainditu nahian, «Sare herritarrarekin bat» egiten dutela azaldu dute. «Ez dugu isilik gelditu nahi, ez dugulako nahi inork gure isiltasuna bake nahiarekin, edota hautsitako hainbeste zubi berreraikitzearekin zerikusirik ez duten konfrontazio mantentze jarrera eta politikekin, ados egote gisa ulertzerik».
Hori guztia dela eta, larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin diete goierritar guztiei. «Hau guztientzako deialdia da. Giza eskubideen defentsa, giza eskubide guztiena, alderdikerien eta ideologien gainetik dagoela uste dutenentzat». Manifestazioa 17:30ean abiatuko da La Casillatik. Goierriko herri gehienetan antolatu dituzte autobusak.