Internetez erositako hazitik feriara

Atzo hasi zen basoko eta fruta zuhaitz landareen salmenta Juan Amezketa kalean. Plaza Nagusira, aldiz, barazki berria eta udaberriko lehen tipulinak iritsi dira.

Pe_tsai_landare_txinatarra

Pe-tsai izeneko barazkia aurkeztu zuen atzo Arantxa Zurutuza aramarrak. Txinatar aza mota bat da, eta azelga edo zerba eta azen artekoa dela esan genezake; kolorez eta gustoz azaren tankerakoa da, eta zerbaren antzeko hostoak sortaka, hori bezalaxe, salgai zen euro eta erdian. «Interneten ekialdeko haziak saltzen dituen gune batetik erosi nituen bere haziak, eta gero bakanduz aldatu». Mota gehiago ere ekartzeko esperantza badu Zurutuzak. Gordinik edota egosia jateko egokia. Baliarraingo Edurne Jauregiren mahaian zeuden udaberriko lehen tipulekin nahasiz, jaki fresko eta osasuntsua osatua. Tipula sorta euro batean zuen salgai baliarraindarrak.

Bestalde, Mendiola eta Udare sagarra esanez ezagutzen direnekin osatu da aurtengo sagarren eskaintza. Errezilgo Aizpuruk ekarri zituen atzo, udare, mizpira eta kiwiekin hemengo fruta freskoen eskaintza osatuz.

Mendi zainketan erreleboa

«Mendien zainketan erreleborik ez dago». Atzo hitz horiekintxe kontatzen zuten ikusten dutena zuhaitz landareak saltzera etorri ziren Ataungo Dorronsorok eta Zegamako Arakamatarrak. «Baserritarrak orduak kontatu gabe atera du bizia. Pentsakera hau galdu da» esaten zuten, urte gutxitan gizarteak eman izan duen aldaketa nabarmenaren lekuko. Horren seinale asko ere badira egunerokoan eta baita ferian ere.

Mendiko lanen martxarengatik, edo martxa ezarengatik esan daiteke, keztatuta daude landare ekoizleak. «Mendia ez da garbitzen ez duelako dirurik ematen. Gazteek ez dute horrelako lanik hartzen» aho batez esaten zuten. «Zutik egurre duen mendiak gastu handia du, esku lan asko eskatzen du eta ez da ondo ordaintzen. Pinuak ez du dirurik ematen, baina ezta haritzak edo pagoak ere; sutako egurretarako erabili ohi da. Esku lana garesti ordaindu behar da eta kanpotik merkeago sartzen da». Horrelako gogoetak zebilzkiten etorri zirenek.

Bakantzen ari da saltzaile kopurua, eta aldatzen ari da saltzeko modua; zuzenean beraiengana jotzen omen du jendeak feriatik pasatu gabe. Momentuz martxora bitarte etortzekotan dira. Basoko zuhaitzak eta fruta arbolak eskaintzen dituzte eta prezioetan aldaketarik ez da.

Utzi ekarpen bat

*

*