Erraza ez bada ere, hitz gutxi hauen bidez, Gipuzkoako EHNEren iritzia eta gogoeta batzuk plazaratzea gustatuko litzaidake, egiatik gutxi duen zirko mediatiko bihurtu zaigun gai honen inguruan. Zaldi-ibikoa izanik, eta Aralarko erabiltzailea, bereziki gertutik bizitzea dagokit gertatzen ari dena. Gure historia beti lotuta izan da bi subjektu horiei, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko ibiari eta Aralarri. Eta bata bestea gabe posible izan ez diren ezkero, azken boladan zenbait ‘diskurtso’ entzuteak zur eta lur uzten naute. Pertsonen, familien, abeltzainen testigantzak entzun eta aurpegia jartzeko aukera dut, gehienak ezagutzen ditudalako, eta nire buruari galdetzen diot, zerk bultza ote ditzake zenbait pertsona hain era friboloan, oinarrizkoa den eskubide baten urraketaz hitz egitera? Lan istripuez, umeekin dituzten arazoez, etab. Lehenaz nahiko lotua eta gogorra den bizimodu bat arintzeko saiakeran aritzeagatik, irainak eta gezurrezko baieztapen ugari bueltan. Argumenturik gabe geratzearen inpotentzia akaso?
Mugimendu ekologista eta abeltzainon erakundeak eskutik izan gara gehienetan, logikoa den bezala lurraren defentsak batu izan gaituelako. Zerk bultzatzen du gai honekin gorrotoz betetako adierazpenak egitera? Oso era interesatuan zabaldu dira zenbait araudiren interpretazio eta tesi. Baina finean helburu batekin, mendiko abeltzaintza espazio horientzako kaltegarria dela pentsaraztea. Ematen duenez ez dira nahikoa kontrako baieztapena egiten duten hamaika ikerketa, ez eta herri jakintza bera, geroz eta kaletarragoak garen gizarte honetan ahazten ari zaigun ondare kulturala, lurraren eta lurraldearen kudeaketan gizakiak izan dezakeen eragin positiboa, alegia. Ezin liteke ulertu bestela, “natur baliabideen ustiaketa eta kontserbazioaren arteko oreka— bilatu behar dela esatea, ez baita onartu nahi, abeltzaintza dela babes eremu izendatutako habitat horien sortzaile eta kontserbatzailea. Eta abiapuntua hau izanik, bideak egingo omen lukeen kaltea, gainerako onura guztia egiten jarraitzeko ordain bezala hartuko litzateke. Hala aitortzen dute Parkeko Araudiak edota ZEC delakoak, baina hori al da kontua? Araudiak herriaren zerbitzura edo herritarrak araudien esanera? Adibideak ugariak dira Konstituziotik hasi eta Udal ordenatzetara, gizakiek idatzi dituzte, eta noski, iritziak baldintzatzen ditu. EHNEko kide eta zuzendaritzak garbi dugu, hartu eman hau ezinbesteko dela bi aldeentzako, are gehiago Gipuzkoan dugun lur artifizializazio eta biztanleri tasa altuak ikusita. Elikadura burujabetzaren bidean jardun behar dugu herri honek aurrera bidea izango badu, eta ezinbesteko dira lan horretan mendi larreak, bailaretako baserriek ez baitute etorkizunik izango berauek gabe. Garbi dugu halaber, baserritarren bizi baldintzak hobetzen saiatuko garela, eta lan arriskuak gutxitzen, langile denentzako desio dugun moduan. Bide honetan bat eginarazten saiatuko gara alderdi politiko eta eragile sozial guztiak, Euskal Herriak etorkizunerako bidea izan dezan.
– Garikoitz Nazabal (Gipuzkoako EHNE sindikatuko presidentea)