Punch Boxing kirol klub berria sortu dute Ordizian. Adin tarte ezberdinetako 20 kide inguruk osatzen dute taldea. Ordiziako Majori kiroldegian entrenatzen dute asteko hiru egunetan.
Orain hilabete gutxi sortu zen Ordiziako Punch Boxing kirol kluba. Anartz Azkarragak betidanik izan du gustoko boxeoa eta beste lagun batzuekin batera, taldeko sortzaileetako bat da.
Nola sortzen da Ordiziako punch boxing kirol kluba?
Joan den urtean, kontaktu kiroletan aritu izan garen hainbat pertsona elkartzen hasi ginen horrelako talde bat aurrera ateratzeko asmoarekin. Tartean, ni neu, taldeko maisua Francisco Romero, Iker Arizmendi eta Alfonso Lodosa.
Aurreko belaunaldietan, boxeoa, Ordizian konkretuki, bultzada oso handia izan duen kirola izan da. Ezagunak dira inguruan, Ordiziako jaietan orain urte asko antolatzen diren ikuskizunak eta ez hori bakarrik, boxeoaren munduan oso garrantzitsua den jendea atera da Ordiziatik; Espainiako txapeldun izandakoak, esate baterako, eta baita beste hainbat txapeldun ere.
Boxeo talderik ez zegoen, ordea, Ordizian?
Azken urteotan ez. Aspaldi desagertu zen. Azkanalduan beste kontaktu kirol batzuk praktikatzen aritu izan gara Ordizian. Wushu taldea bazegoen, esaterako, boxeoaren antzekoa izan daitekeen kirolarena, baina afizio handia egon arren, boxeo talderik ez zegoen aspaldi.
Nolakoa da sortu berri duzuen boxeo taldea?
Talde gaztea gara eta, batez ere, ilusio handia duen jendeak osatzen dugu. Adin tarte ezberdinetako 20 bat neska-mutil gaude oraintxe. Sortu genuenetik, egunetik egunera jende gehiago joan da taldera gerturatzen. Kirol honek jendearengan geroz eta interes handiagoa pizten duela somatzen dugu. Estresa askatzeko modu bat da eta norberaren lasaitasuna lortzen laguntzen du. Partaide ugari, arrazoi horrek bultzatuta etorri dira klubera.
Zeintzuk dira taldearen helburuak?
Askok hala ikusi dezaketen arren, gure nahia ez da guztion artean kolpeka hastea eta kito! Talde lana sustatzea da helburu nagusiena eta horregatik taldea osatzen dugun guztiok batera entrenatu ohi dugu; bakoitzak bere erritmoan, baina batera, eta ahal dugun guztian laguntzen diogu elkarri.
Nola definitzen duzu zuk boxeoa?
Arauak dituen kontaktu kirola da. Nik neuk boxeoa ez dut kirol oldarkor bezala ikusten, guztiz kontrakoa baizik. Borrokarako pertsona baten aurrean jartzen zarenean, egoeraren eta parean duzun pertsonaren azterketa egitea komeni da. Aurrean duzunari nola irabazi pentsatu behar duzu, hortaz, buruari eragin behar diozu. Ez da kolpeka hasi eta listo. Momentu horretan burua ez baduzu erabiltzen, munduko indartsuena izan arren, zaila izango da borroka irabaztea.
Zuri pertsonalki zer ematen dizu boxeoak?
Eguneroko estresa askatzen laguntzen dit. Horretaz gain, bizitza pertsonalean sortu daitez-keen gatazkeei aurre egiten ere laguntzen dit kirol honetan ikasitakoak. Egoerak aztertzen saiatzen naiz lehenengo, ring-aren gainean egingo nukeen bezala. Segurtasuna ere irabazi dut, eta hori ere oso garrantzitsua dela uste dut.
Non eta noiz entrenatzen duzue?
Ordiziako kiroldegian aritzen gara, astean hirutan; astelehe-nean, asteazkenean eta ostira-lean 20:15etik aurrera. Gure instalakuntza propioak izatea gustatuko litzaiguke eta horre- tarako, Ordiziako Udalarekin ere hitzegin dugu. Espero dugu, gainontzeko kirolei bezala, guri ere babesa ematea. Bitartean interesa duenak, Majorin aurkituko gaitu.